Vueltako lehen asteko balantzea

Erabiltzailearen aurpegia Andoni Urbistondo 2024ko abu. 26a, 19:37

Inoiz baino irekiagoa dago Vuelta; O'Connor zirudiena baino indartsuago; Roglic garaiezina ahuldade zantzuak ematen, eta ziklista bihurri askoak lasterketa hankaz gora jartzeko gertu; etapa menditsuz josia dago bigarren astea.

Urteko lasterketa eroena bilakatu da aurten Vuelta. Egutegiko azken itzulia izateak, izar askok neurri ona emateko duten beharra, on-ona izan ez den denboraldiari buelta emateko asmoz, eta Andaluzian abuztuan izaten den salda osagai latzak izan dira Vuelta lehiaketa ikusgarri bilakatzeko. Inork ez daki ze pasako den; nork irabaziko duen bihar, nor hautsiko den... zer esanik ez nork irabaziko duen itzulia. Bi aste luze falta dira oraindik, eta lehen astean pasa den guztia aintzat hartuta, Gabonetako Gordo sariko zenbakiak asmatzea baino zailagoa da Vueltako irabazlea asmatzea. Atzoko etapan, etapa bakarrean gertatutako guztia, aste osoaren erakusle. Joao Almeida faboritoa erretiratu egin zen Covid-ak jota; Antonio Tiberi erietxera eraman zuten bero kolpe batek jota, eta nagusiko oilarrak Parke Tematikoetako feriak bezala dabiltza: egun batean goian, hurrengoan behean.

Tiberiren bajaz bi hitz, analisian sakondu aurretik. Ziklistaren bat errepidean hil arte ez dute ezer egingo, baina ez da normala, ezta arduratsua ere abuztu betean lasterketa ospetsu bat errepidean ibiltzea eguneko ordurik beroenetan. Ez da serioa, eta neurriak hartu behar dira azkar. Edo Vueltako datak aldatu, aste pare bat atzeratuta, edo Andaluzia irailean pasa, pasatzen bada. Tropeleko kideei entzun besterik ez dago, pasa duten kalbarioaren jabe egiteko. 40 gradurekin aire librean lanean aritzen diren hainbat langilek jarduna utzi eta itzalera pasatzen dira. Txirrindularitzan ere antzeko zerbait egin beharko litzateke. Malkoak eta atsekabeak norbait hiltzen denean etorriko dira.

Bart Enric Mas dotorea ikusi genuen, aspaldiko onena; Adam Yates ausart eta indartsua, lehen astean hainbestean aritu ostean; zer esan Richard Carapaz-i buruz. Ikusgarria atzo Purche mendatean gora berak bakarrik jo zuen erasoa, tropelari hiru minutu kenduta. Indartsu dago Carchiko lokomotora, igotzaile petoa da eta buruko min asko sortuko ditu hurrengo bi asteetan. Zer esan O'Connor liderrari buruz. Askok lurperatu egin genuen Cazorlan Roglic-ekiko minutua galdu ondoren, atzo maillot gorria bera galduko zuela iragarriz, baina etapa bikaina egin zuen Felix Gall taldekidearen babesean. Balantzaren bestaldean Roglic eta Landa kokatuko genituzke. Komeriak atzo ustez Vuelta irabazteko faborito argienarentzat, eta Murgiakoarentzat ere. Beroak bereak egin ditu, dagoeneko, Vueltan, eta litekeena da txirrindulari hauen errendimenduak hobera egitea aste honetan. Garailea ez dago garbi, podiuma ere ez, eta Top 5a eta Top 10a zer esanik ez.

Bigarren astea oso menditsua da. Lau etapa korrituko dira Galizian, eta denetan errazena Manzanedan bukatuko dena izan daiteke, ostegunean. Bihar Baionan bukatuko da etapa, Mougas lehen mailakoa igo eta gero. Jaitsiera gaiztoa dauka benetan Mougas-ek. 3.000 metroko denbibel metatua du, eta etapako bigarren erdia oso exigentea. Asteazkenekoak, Padronen, desnibel metatu bera du, eta helmugatik zortzi kilometrora 3. mailako mendatea: 3 kilometro luze, eta %9ko batez besteko malda. Ostegunean Manzaneda, mendate puntuagarri bakarra, baina beste 3.000 metroko desnibel positiboa, gora eta behera etengabe. Manzaneda ez da gogorra: 15 kilometro luze eta %4.7ko malda. Ostiralekoa oso etapa gogorra da, igandekoarekin batera asteko gogorrena. Ancares mendate gaiztoan bukatuko da, Lugo eta Leon artean: 3.420 metroko desnibela eta azken mendatea horma bat: 7.5 km. luze eta %9.3ko batez besteko pendiza. Larunbatekoa, Villablinon, ihesaldirako aproposa da, eta igandean azken malkarrak, Cuitu Negrun. 3.600 metroko desnibela eta lehen mailako bi mendate (Colladiella, bi aldiz), eta Pajarestik gora Cuitu Negru eski pistara daraman malkarra: azken 3 kilometroak %13ko malda.

Menua baduzue; aukeratu platerak!!!

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak