OK Corral!!!

Erabiltzailearen aurpegia Andoni Urbistondo 2024ko abu. 25a, 21:12

Adam Yates, helmugan. (Argazkia: @lavuelta).

Adam Yates-ek irabazi du Granadako etapa eta Vuelta irabazteko jokoan sartu berriro, Carapaz bezala; oilarren artean Mas izan da indartsuena Hazallanasen, baina beherakoan harrapatu egin dute, eta O'Connor-ek segitzen du lidergoan sendo.

Western bat balitz bezala, oilarren arteko borroka, tiro festa espero genuen Vueltako etapa gogorrenetakoan. Borroka, izan, izan da, baina ezusteko protagonistekin, eta ezusteko emaitzarekin. Goizean gauzak argi ez bazeuden, orain are eta gutxiago. Lehen maillot gorria eta podiuma lortzeko hautagaiak mundua baziren, orain bi gonbidatu gehiago daude: Adam Yates eta Richard Carapaz. Yates-ek eta UAEk estrategia bikaina antolatu dute etapa abiatu aurreko bileran, eta perfekzio handiz gauzatu dute. 24 laguneko ihesaldi ona sortu da etapa hasi eta berehala, ziklista onekin, eta bertan sartu da Adam Yates. Alboan maila handiko bi morroi on zituela: Marc Soler eta Jay Vine. Bost minutuko zuloa ireki dute Purche lehen mailako mendatera iritsi aurretik. Soler hustu egin da Purchen gora, taldea xehatu eta tropelarekiko diferentzia mantentzeko.

Purchen bertan etapa ikusgarri egin duen beste mugimendu ausarta etorri da, Richard Carapaz-ek egindakoa. Carchiko lokomotorak Purche gaineko malkar gaiztoenetan egin du hanka, eta Shaw eta Rafferty taldekideen laguntza jaso, buruan zihoan Adam Yates eta beste sei lagunengana hurbiltzeko bidean. 1.30ra hurbildu da ekuatortarra Hazallanas mendateko magalean. UAE taldeak eta Yates-ek arriskua sumatu dute, eta mendate erdian bidea bakarrik egitea erabaki du britainiarrak. Carapaz berari kosta egin zaio Hazallanas berdintzea, nekatu antzean, eta Yates-ek tarte ziurrera mantendu du beti Education First taldekoa: bi eta hiru minutu artean. Tropelak lasai egin du bidea Hazallanasko lehen igoeran, eta bigarrengoan Enric Mas-ek jo du erasoa. Inor ez da bere bila atera, eta bidea egin du Movistar taldekoak.

Gainetik minutuko diferentzia zeukan, eta 22 kilometro helmugaraino, Sierra Nevadako eski estaziora daraman errepide zabaleko jaitsieran barrena. Mas-ek susto galanta hartu du bihurgune batean, hankaz gora amildegitik erortzeko zorian, eta bertan galdu dituen segundoak, eta jazarpenean zihoan seikoteak egindako lanak alferrikakoa egin du bere ahalegina. Granada hirian sartzearekin bat harrapatu dute Mas, eta sutea itzali dute O'Connor liderrak eta podiumerako beste hautagaiek. Gaur bikain ibili da O'Connor, eta justu samar Roglic, Mas-en erasora atera ezinik. Ahuldade zantzuak erakutsi ditu esloveniarrak, eta horrek Vueltako azken bi asteak bikainak izatea ekarriko du. Tombstone-en, Arizonan bezala, gaizkile eta funtzionarieon arteko tiroketa batean bezala. OK Corral, baina Vueltan. Eta bi pistolero gehiagorekin!

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak