Itsas kaio gorria!

Erabiltzailearen aurpegia Andoni Urbistondo 2024ko abu. 19a, 21:00

Kitarakoa hartu du Wout Van Aert-ek, eta lehen bi etapetan bilatu eta lortu ez zuen garaipena lortu hirugarrengoan; Aberasturi hirugarren izan da.

Van Aert palmaresa loditzera etorri da Vueltara, eta zeresana emango du. Lehen bi etapetan egoskor bilatu du garaipena, baina ataraian geratu da, eta hirugarrenean garaipena lortu du Kaden Groves menderatuz. Taktika aldatu du belgikarrak, atzoko etapa bukaerako kontrakoa eginda: lehen eraso kolpea jo du, Alpecin taldeko trenoak bere lana egin aurretik, eta helmugatik 250 metrora. Groves ezustean harrapatu du Vismakoak, eta helmugak ezkerrerantz egiten zuela baliatuz, hesi ondoko bidea hartu du Van Aert-ek, aise nagusitzeko. Itsas kaioa hegan ariko balitz bezala helmugaratu da liderra, garaipen gose zenaren seinale. Groves iritsi da bigarren, eta Aberasturi arabarra hirugarren. Van Aert-ek lidergoa sendotu du. Mate eta Isasa, Euskaltel-Euskadikoak, eta Iribar eta Ibin Ruiz izan dira eguneko ihesaldiko protagonistak. Mendiko eta esprint bereziko puntuen sariarekin konformatu behar izan du laukoteak ezinbestean.

Ikuskizun liderrak ze asmo duen etorkizunari begira. Van Aertek berak aitortu du bihar jai izango duela maillot gorriari eusteko borrokan. Sinetsi edo ez, norberaren hautua, baina Van Aert lasai asko sar daiteke ihesaldiren batean eta maillot gorriari eusten ahalegindu. Oilarren arteko buruz burukoan zailagoa dirudi irautea, biharko etapa bukaera oso gogorra delako. Mendiko lehen etapa da, eta salda handi samarra espero denez, triskantza handi samarra eragin dezake oilarren multzoan. Plasencian hasiko da etapa, Caceres-en, eta herrialde horretako Pico Villuercas mendian bukatu. 170 kilometroko etapa da, eta lehen herenean bigarren eta lehen mailako mendate bana ditu, etzanak baina luzeak, ihesaldia gorpuzteko. Ihesaldi ona izango baita: Piornal lehen mailakoa 14 kilometroko mendatea da. Helmugatik 50 bat kilometrora hirugarren mailako Miravete igoko dute, eta azken 15 kilometroetan Villuercas.

Zenbaki orokorrek 14.6 kilometro eta %6.2ko batez besteko pendiza markatzen dute, baina ñabardura garrantzitsuak egin behar dira. Lehen  8-9 kilometroak nahiko etzanak dira, %4-5eko malda, baina igoerako 10. kilometroan porlanezko bide batean sartuko da lasterketa. Tarte hori oso gogorra da: hiru kilometro oso %13tik gorako malkarrekin, eta %20 hormaren bat ere bai porlanezko zati bukaeran. Asfaltora bueltatzen da mendatea da azken bi kilometroetan, %7-8ko maldak, baina tarte gogor horretan gauza asko ikus daitezke: Roglic ondo dagoen, Kuss benetako hautagaia den edo ez, UAEko liderra Adam Yates edo Joao Almeida den... Ondo badago, eta hala dirudi, Roglicentzat etapa aproposa da, eta aurkariak urruntzen hasi beharko luke, helmugako gainsariekin bada ere. Erne beroarekin, 37 gradu eman dituzte bailaran, eta bakarren bati azkazalak ere urtuko zaizkio...

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak