Hankamotz, herren hasiko da Vuelta bihar Lisboan, baina parte hartze distiratsuak ikuskizuna bermatzen ote du? Batzuetan bai, besteetan ez. Tropeleko ziklista onenak mokoka ikustea gauza ona da, baina egutegia oso luzea da, eta iraila garai txarra kontratu onenak dituztenek atsedena ez den beste ezertan pentsatzeko. Pogacar, Vingegaard eta Evenepoel, Tourrari distira eman zion hiruko magikoa ez da Vueltan izango, eta hori, atarian behintzat, berri txarra da egutegiko azken itzuli handiarentzat.
Hutsune horiek, baina, parekotasuna handitu dezakete. Ez baitirudi, atariko analisian, inor irits ezin ariko denik. Primoz Roglic ageri da faboritoen zerrendan lehena. Zor zaio, hiru Vuelta irabazi dituelako, dagoeneko, eta laugarren bat irabazita Roberto Herasen kopurua berdinduko lukeelako. Roglic bera da bere aurkari nagusia. Sarri erortzeko joera txarra hartu du azken urteetan, une erabakigarrietan, eta erorketak saihesten baditu podiumean izango da ziur. Bi erlojupeko motz ditu aldeko, eta gainsariak bereganatzeko moduko bukaera on asko. Erorketa mingarria jasan zuen Tourrean, eta BORA taldeak azken orduan baieztatu du bere parte hartzea Vueltan. Mingain gaiztoek diotenez, baina, Alpeetan, Iseran mendatean aritu da egurrean ezkutuan azken asteetan.
Sepp Kuss jarriko dugu bigarren koska batean. Jarduneko garailea delako, eta morroi izaera atzean uzten ikasi duelako. Durango Kid sasoi puntu onean iritsiko da. Burgosko Itzulia irabazi du, talde sendoa edukiko du bere mesedean lanean aritzeko, eta ibilbidea ezin hobea da bera bezalako igotzaile peto batentzat. Iraganean erlojupekoetan egin ohi zuen herrena ez da hainbestekoa egun, eta Roglic non atzeratzen duen asmatu beharko du, Madrilen gorria janzteko berriz. Lehen eta azken egunetako erlojupekoak gogoan, minutua edo minutu eta erdia beharko du Coloradokoak ziur sentitzeko.
Bi horien atzetik abaniko handia irekitzen da, eta asmatzen duenak aberats. Izen batzuk Tourrean aritutakoak dira, eta horrek zalantza piztu dezake euren jardunaren inguruan. Mikel Landa bikain aritu zen Frantzian. Bosgarren bukatu zuen proba, sailkapen nagusian, eta Vueltan gogotsu ariko dela aitortu du. Betiko zalantza da, Murgiakoarengan: erantzukizunik gabe aritu izan denetan emaitza hobea lortu izan du sailkapen nagusietan, talde buru izan denean baino. Orain talde buru da, eta gauzak normal Top 5a eskura izan behar luke, gorago ez bada.
Carlos Rodriguez espainiarra eta Richard Carapaz ekuadortarra ere gertutik zaintzeko moduko txirrindulariak dira. Rodriguez espero baino apalago aritu da Tourrean, eta podiuma lortu nahiko du, baina ikuskizun da Frantzian pilatu zuen nekea erabat gainditu duen ala ez. Carapaz-ek ere oso nekatua bukatu zuen Tourra, baina etapak eta mendiko sailkapena bilatzeko lanean aritu zelako. Nagusia bazter utzi zuen azkar, eta horrek nekea arintzen du beti; batez ere burukoa.
Izen horien pare bloke bat jarri behar da: UAE taldea. Ziur asko Vueltako talderik indartsuena da, baina nor hautatuko dute lider moduan? Juan Ayuso Tourrean erakutsi zuen portaera ez leialagatik zigortu ostean izarrez betetako zortzikoa osatu du Josean Fernandez Matxin kirol zuzendariak: Adam Yates, Isaac del Toro, Joao Almeida, Jay Vine, Pavel Sivakov, Brandon McNulty… Buruko min asko eragin ditzakete estrategiarekin asmatzen badute, baina baita mokoka hasi euren artean ere. Almeidak beretzat nahiko du aginte makila, baina otso asko ditu ondoan…
Ezustekoa eman dezaketenak ere agertuko dira: Enric Mas edo Nairo Quintana, akaso, Movistar taldekoak. Daniel Felipe Martinez edo Vlasov, BORA taldean; Tao Geoghegan Hart eta Skjelmose Lidl-Trek taldekoak, Tiberi, Ben O’Connor australiarra…
Ahuntzak baino okerrago
Azken ekitaldietan gertatu bezala, Vueltak lehiaketa eroan murgilduta segitzen du Tourra eta Giroarekin, desnibel metatu handieneko ibilbidea nork prestatu. Kopuruz nagusi izateak itzuliari prestigioa bermatuko balio bezala. Aurtengo datuak oso deigarriak dira Vueltaren alde. Giroak 40.000 metro pasa izan zituen, Tourrak 50.000 eta Vueltak 60.000 metro baino gehiago. Ikusgarritasuna, prestigioa, sona ematen al dio horrek egutegiko azken itzuli handiari? Ikuskizun. Erlojupekoan iaioak direnek aspaldi galdu zuten esperantza Vueltak haien aldeko apustua egiteko. Aurten 36 kilometro baino ez dira izango: lehen, eta azken egunean, hain zuzen ere.
Igoera mordoa duen ibilbidea prestatzeko gurpil zoroan murgilduta, Vueltak oreka galdu du erabat. Tourrak ere bai azken urtetan, baina han parte hartzea hain da distiratsua, desoreka ezkutatzen duela. Vueltan ez, parte hartzea askoz apalagoa delako. 21 etapetatik 12tan mendateek erabakiko dute garailea, eta bederatzi etapa, bederatzi, mendi gainetan bukatuko dira. Exagerazioa. Deigarriagoa da beste datu hau: esprinterrentzat egokia den etapa garbi bakarra dago hiru astetan. Bat, 21etik. Esan beharrik ere ez, egoera horrek erabat uxatu dituela tropeleko gizon azkarrenak Vueltatik. Zertarako etorri, aukerarik ez badute, apenas?
Vueltako mendiarekin ñabardurak egin behar dira beti. Mendiko edo etapa gorabeheratsu moduan hartzen diren asko mendate bakarrekoak direlako, eta horietako batzuk 3. mailako mendate etzana izango lirateke Giroan eta Tourrean. Garaia ere aintzat hartzeko moduko faktorea da. Alegia, Vuelta espainiarrek izaten dute jomuga, batez ere, eta iraila bitarte neurririk eman ez duten beste izarrak, ondoren. Denboraldi kaskarra egin eta Vueltara tortillari buelta eman asmoz datoz asko, edo ia denak, baina hanka zuztarrak zukututa dituztela. Iraila babeserako, epelerako aroa izaten hasten baita Europako herrialde askotan.
Azken osagai bat: beroa, salda. Euskal Herriko txirrindulariak erotzear aritzen dira lehen astean, 40 graduko tenperatura itogarriekin ohitu ezinik. Vueltako lehen erdia Portugal, Gaztela-Mantxa, Extremadura eta Andaluzian barrena egingo da, eta tarte horretan ziklista asko irautera mugatuko dira; albo kalteak murriztera. Abuztuak 26 izango ditu, tropela lur freskoagoetara bueltatzen denerako, Galizia aldera. Itxuraz, hurrengo astean bero egingo du, baina 40 graduko muga zeharkatu gabe. Asko poztuko dira, denak ez esateagatik…
Bi etapa erabakigarri
Lisboan, Portugalen hasiko da Vuelta, 12 kilometroko erlojupekoarekin. Portugalen jokatuko diren beste bi etapak badute iheserako itxura, baina esprinterren taldeak, indarrez lepo oraindik, garesti salduko dute etapa garaipena. Espainiara bueltan, lehen bukaera mendian, Caceresko Pico Villuercas-en. Mendate serioa da, bukaeran hiru kilometro bihurri baititu. Cuitu Negrurekin batera, Asturiasen, Vueltako aldapa zati tenteena da. Bi kilometro osok %14ko pendizeko langa gainditzen dute, eta malkar latza da hori. Vuelta hasieran da, eta itxuraz ez da diferentzia handirik egongo.
Andaluziara bidean Sevillako labean esprinta, eta ostegunean Malagako mendialdean puncheur edo ehiztarientzat etapa aproposa Yunquera herri zuri dotorean. Etapa honek ezusteak eragin ditzake, 3.580 metroko desnibel metatua duelako eta atsedenik ez apenas bigarren zatian. Bero handia egiten badu mina egingo du. Ostiralean Cordobara bisita, eta larunbatean Cazorla mendikatean geltokia. Bukaera bost kilometroko mendatean dago, eta %10etik gorako malkar dezente ditu. Roglic sasoi puntu onean iristen bada segundo zaku oparoa lor dezake tamainako bukaeretan.
Igandean, Granadan, Vueltako lehen etapa erabakigarria jokatuko da: Motrilen hasi eta Granadan bukatu, Sierra Nevadako lur idorretako mendate itoetan. Lehen mailako hiru gain eguneko menuan, punturik banatuko ez duten beste hainbat aldapez gain, 4.400 metroko desnibel metatua pilatzeko. Purche igoko dute aurrena, eta Hazallanas ondoren, bitan, Sierra Nevadan altuera kontzentrazioak egiten dituzten ziklistek ondo ezagutzen dituzten parajeak. Mendate itoak, urtzen ari diren errepideetan barrena. Purchek %9a gainditzen du sei kilometroan, eta Hazallanas beldurgarria da: 7 km. %9,5arekin, baina lehen bostak %12,4ko malkarra. Eta Hazallanas magalera daraman Guejar Sierra herriraino daraman aldapa, mendate katalogaziorik gabekoa, aldapa zitala.
Granadatik Galiziara jauzi. Eta han badakizue, Euskal Herrian ondo ezagutzen dugun terreno zaila. Bayonan, abuztuaren 27an, lehen mailako Mougas helmugatik gertu. 28an Padrongo piper ezagunen menua, jaki horrek eragiten duen sabeleko berotuaren parekoa aldapatxoz jositako etapan. 29an Manzaneda mendi estazioan, mendate etzana, eta ostiralean Ancares. Hau bai, mendate gogorra: 7,5 km. eta %9,3ko batez besteko malda. Leonen, Villablinon bukatuko da larunbateko etapa, eta Cuitu Negru gainean igandekoa, Pajares-ko eski estazioko pista batean. 19 kilometro ematen ditu luze Pajares-ek, eta azken hiru kilometroek %12-ko langa gainditzen dute. Etapa oso laburra da, 142 kilometro baino ez.
Azken aste gogorra
Jendea azkazalak erreta iritsiko da bigarren atseden egunera, Oviedora, eta ondo baliatu beharko du atseden eguna pilak kargatzeko. Asteazkenean, Covadongako lakuetan, 3.800 metroko desnibel metatua, eta Fito, Llomena (7,6 km. eta %9,3-ko malda) eta Covadonga ezaguna bidean. Asteazkenean Santander, ostegunean Izki, Arabako Maeztun, Herrera gainarekin helmugatik gertu, eta ostiralean Moncalvillo, Errioxan. Azken bost kilometroak %10ean ditu mendate horrek.
Madrilera iritsi bezperan, etapa erregina. Oso gogorra da, eta denetarik gerta daiteke Villarcayo eta Picon Blanco mendatearen artean. 4.730 metroko desnibel metatua du, eta etapa luzea da, 172 kilometro. Hirugarren mailako bi mendate, bigarren mailako beste bi eta lehen mailako beste hiru ditu: Portillo de Lunada, Los Tornos eta Picon Blanco helmuga. Ez dauka atsedenik apenas, eta egun txarra daukanak galtzerdiak ere galduko ditu, bidean. Tourra eta Giroko etapa gogorrenetara hurbiltzen den etapa da, eta Madrilera iritsi bezperan.
Eta Madrilen, azken egunean, 22 kilometroko erlojupekoa. Erabakigarria izango da? Gauzak normal, ez, faboritoen artean minututxo bat izango baita gehienez.