San Luca muinoak eman digu lehen arrastoa: Vingegaard ondo dago eta Pogacar-en erasoei eusteko gai da. Eraso kateatuei jarraitzeko gai izango ote den ikuskizun dago, baina behintzat badakigu Vingegaard ondo dagoela. Are gehiago, oso ondo, bera izan baita Pogacarrek jotako erasoari eusteko gai izan den bakarra. Akaso ez da iazko sasoi puntu irits ezinean egongo, baina ezta Tourra harrikara botatzeko moduan ere. Pogacar-i eusteko indarra, kemena behar da, eraso bakarra izanda ere, eta danimarkarrak ondo eutsi dio. Bihar., Turinera bidean atsedena hartuko dute oilarrek, eta etzi, Valloire-era bidean, Galibier mitikoan gora etorriko da bigarren azterketa. Lautaret mendatetik gora UAE taldeak terrenoa prestatuko dio berriz ere Pogacar liderrari, Vingegaard zigortu beharrean daudelako.
Pogacarren erasoak mina egin du, oilar askoren ezina azaleratu baitu. Remco Evenepoel eta Richar Carapaz bakarrik izan dira bi faborito nagusien gurpilera iristeko gai, eta beste izen handi askok 21 segundu on galdu dituzte. Ez da atzerapen handia, baina bai aintzat hartzeko modukoa. Honatx atzerapen hori pilatu dutenetako batzuk: Roglic, Bernal, Jorgemson, Carlos Rodriguez, Felix Gall eta Simon Yates. 1.9 kilometroko muino batean egindako eraso batekin. Horietatik salbu geratu dira ihes egin duten 11 lagunek. Tropelaren baimena jaso dute, eta Arkeako Kevin Vauquelin Normandiako mutila izan da indartsuena San Luca aldapan. Frantziak bitik bi daramatza, amestutako hasiera eurentzat. Bardet-ek maillot horia galdu du, Pogacarren mesedean, baina ez da haserre egongo.
Bihar 3. etapa jokatuko da, Plaisance-Turin. Tourreko luzeena, 231 kilometrorekin, eta lehen esprinta, bidean laugarren mailako hiru muino baino ez baitaude.