Giroko notak: 10etik 0ra

Erabiltzailearen aurpegia Andoni Urbistondo 2024ko mai. 27a, 16:53

10a ziurra da, Pogacarrentzat, 0a bezain beste: RCS Giroko antolatzaileei, probako maila pobrea izan delako, eta ibilbidearekin komeriak izan direlako berriro.

10. Tadej Pogacar: Imperator, Ave Fenix, Alfa Otsoa... Nahi duzuen bezala deitu, baina bere nagusitasuna ikaragarria izan da. Jolasean ibili da aurkari guztiekin, eta gizon bat eta umeen arteko borroka ikusi dugu Giroan. Sei etapa irabazi ditu eta lider izan da bigarren egunetik bukaerara arte. Lehen egunean Narvaez lagartoak lapurtu zion legenda izateko erronka, horrek min pixka bat emango zion esloveniarrari.

9. Geraint Thomas: Bosgarren podiuma itzuli handietan, kirol ibilbide dotorez biribiltzeko. Hiru podium ditu Tourrean, bi Giroan. Igandean 38 urte bete zituen galestarrak. Egia da irauten, erasorik egin gabe lortu duela podiuma, baina hor egon da, eskarmentua erakutsiz, eta gazte ia guztiei ipurdia erakutsiz. Beste urtebetez jarraituko du tropelean.

8. Daniel Felipe Martinez: Bigarren postu ona kolonbiarrarentzat, baina jarrera kontserbadoreegiarekin. Nahikoa izan du erlojupekoetan Thomas baino hobea izatea, bigarren postua ziurtatzeko. DNF-ek, dena den, hobe luke aste bateko itzulietan zentratzea, bere ohiko garaile sena berreskuratzea, zale guztien onerako.

7. Jonathan Milan: Bazetorren eta iritsi da. Hiru etapa garaipen eta maglia ciclamino-a lortu ditu. Eta hamarkadako trenoa izan daitekeena sortu Lidl-Trek taldearekin. Ikusgarria Bujako zezenak nola astintzen ditun pedalak esprintetan.

6. Tim Merlier: Puntuazio apalegia da akaso, baina Merlier garaile handia da, eta hiru etapa eta Erroman atzo lortutako garaipenarekin oso ondo libratu du bere jarduna.

5. Alaphilippe, Pelayo Sanchez, Steinhauser, Narvaez... Giroari distira eman dioten etapa garaileak. Alaphilippe zortzi ihesaldietan sartu da, Sanchez promesa izatetik errealitate izatera pasa da, Steinhauser bezala, eta Narvaez-ek lehen etapa lapurtu zion Pogacar berari... Maila aparta denek!

4. Ezusteko italiarrak: Pellizari, Tiberi, Zanna, Fortunato, Piganzoli... Italiak badu harrobia, eta harrobi ona. Asko saiatu dira, euren aberriko lasterketa onenean, batzuk besteak baino hobeto. Pellizarik Pogacarren betaurrekoak eraman ditu, Tiberik 5. postua, Zanna eta Fortunato Top 10aren atarian geratu dira, eta Piganzoli igotzaile polita dator.

3. Bardet eta DSM: Inork ez zuen ulertu euren jarrera Passo Brocon mendatean, eta azalpenik ere ez dute eman. Jan ez, eta jaten utzi ere ez!!! Garaipena usaindu gabe, eta nagusiko 9. postu batekin agurtu dira Girotik. Gutxi, eta itxura kaskarra emanda.

2. Desagertutako taldeak: Batzuk izan dira, baina parte hartzea ziurtatua dutenez... Nork ikusi du  Giroan, Groupama-FDJ, Visma edo Intermarche-Wanty... Bitartean, neurria eman zezaketen Pro-Contiko talde asko, korritu ezinik, gonbidatu kopurua mugatua delako...

1.  Giroa, parte hartzea: Ikuskizuna eman du Pogacarrek, handia gainera, baina garailea alde batera utzi eta aurkarien errendimendua eskas samarra izan da. Podiuma, Top 5a lortzeko apenas egon da borrokarik, eta euren arteko zaintza, gehiegizkoa. Ondorio gogorrago bat ere aipa daiteke: parte hartzea hobexeagoa izan balitz, gaur Top 10ean ikusten ditugun asko ez genituzkeela bertan ikusiko. Eta baieztapen hori aztertzeko, galdera bat: Giroko Top 10eko nor da Tourrean Top 5 izateko hautagai? Erantzuna garbia da: inor ez. RCS antolatzaile taldeak badu erantzukizuna gai honetan. Ona baita izar distiratsuena ziurtatzea, baina baita parte hartze hobeagoa bilatzea ere.

0. Giroa, ibilbidea. Suspentso RCS antolatzaile taldeak. Eta handia. Berriz ere elurragatik ibilbidean komeriak izan dituzte, baina berriz ere alternatiba sinesgarri edo onik prestatu ez dutelako. Stelvion urte osoan egiten du elurra, 2.800 metro ditu, eta han baldintzak txarrak izan daitezkeenez, garaiera apalagoko mendateak dituen ibilbidea prestatu behar da, badaezpada. Hori egiteko aukera mugagabea da Alpe eta Dolomitetan. Zer gertatzen zaio RCS eta Vegniri? Betikoa. Sosak jarri dituzten herriek ziklistak ikusi nahi dituztela, sos galera handia eklar dezaketen kontratuak sinatzen direla, eta txirrindularia azken putz. Ez sinistekoa izan zen tropela noraezean ikustea Livignon, euritan, 3 gradurekin, Vegnik eta RCS-k azken segundora arte aurrez perstatutako ibilbidea egin nahi izan zutelako, egoskor. Trakets, baldar, RCS eta Vegni, eta ados Ben O'Connor australiarrak egindako kritikarekin: "Okerren antolatua dagoen proba da Giroa". Azkenerako data aldaketa egin beharko dute Alpeetako mendate garai eta ezagunenak igo ahal izateko...

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak