Imperator!

Erabiltzailearen aurpegia Andoni Urbistondo 2024ko mai. 25a, 18:46

Pogacar helmugan sartzen.

Agindu bezala, Tadej Pogacarrek irabazi du mendiko azken etapa, aise; postu bakarra aldatu da Top 10ean, Storerek bereganatu duena.

Abisatu zuen, eta egin du. Erraza balitz bezala. Tadej Pogacarrek bere seigarren etapa garaipena lortu du., mendiko azkena, eta Imperator, enperadoreen moduan sartuko da bihar Erromako Koliseoan. Aurreko guztiak bezala, maisutasun handiz lortu du seigarrena ere, aurkariak hankapean ibiliz, eta taldea bere mesedean ezin hobe erabilita. Arazorik gabe kontrolatu dute eguneko ihesaldia, eta Monte Grappako lehen igoeran Rui Oliveira eta Juan Sebastian Molano jarri ditu lanean, ihes zihoazenen abantaila mantentzeko. Giulio Pellizariren erasoak ezustean harrapatu ditu, baina ez dira sobera arduratu, Pellizarik maila ona eman badu ere. Igotzaile gazteak ihesaldian sartu den Tonelli taldekidearekin bat egin du Grappako lehen pasaeran, eta bigarrena 2.40ko errentarekin hasi du.

Grappak 18 kilometro ditu, eta tarte hori beste edozein kasutan balekoa izango litzateke, baina tropelean Pogacar bezalako alfa otsoa egonez gero, alferrikakoa. Domen Novak hasi da egurrean aurrena, Felix Grosschartner gero, eta Rafal Majka azkena,. Gainetik lau kilometrora jo du erasoa liderrak, Peliizarik minutu pasatxoko errenta txikia zuenean. Txistu batean harrapatu du, eta atzean utzi, helmugarainoko bidea bakarrik egiteko. Beste oilarrak mugitu ere ez dira egin maglia arrosak erasoa jo duenean, baina Antonio Tiberi izan da gehien mugitu dena, bere bosgarren postua hobetzeko. Thomas eta O'Connor atzean utzi ditu, baina 15-20 segundoko aldearekin, gehienez, eta O'Connor australiarrak Valentin Paret-Peintre taldekidearen funtsezko laguntza jaso du, laugarren postu hori ez galtzeko. Michael Storer australiarra izan da uzta handiena lortu duena, Top 10ean sartu baita azken etapan.

Bihar azken etapa jokatuko da, Erroman hasi eta bukatu, 125 kilometro erraz. Pogacar eta itzulia bukatuko duten guztien ohore.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak