Hik lan eta nik jan!

Erabiltzailearen aurpegia Andoni Urbistondo 2024ko mai. 24a, 18:15

Andrea Vendramek garaipen ederra lortu du, ihesaldian zituen aurkari ezagunagoen aurka ahulenaren tatika erabiliz; tropelak lasai hartu du, biharko etapa erabakigarriaren atarian.

Ziztu bizian egin dute gaurko etapa ere. Etapako lehen erdia 47 kilometro orduko batez besteko abiaduran, ihesaldia oso kostata egin baita. Alaphilippe, Narvaez, Pelayo Sanchez eta beste hiru lagun joan dira buruan luze, 15-20 segundoko tartearekin, eta 50. kilometroa pasata, tropelak bale esan duenean beste lau lagun sartu dira aurrena, eta beste bederatzi ondoren, 19 kideko ihesaldia osatzeraino. Bertan txirrindulari onak zeuden, aipatutako hiruez gain: De Marchi, Steinhauser, Vendrame, Lukas Plapp, Jan Tratnik...

Passo Duron-ek egin du lehen galbahea, eta orain arte Giroan etapa irabazi duten lau txirrindulariak geratu dira aurrean. Alegia, indartsuenak: Alaphilippe, Narvaez, Pelayo Sanchez eta Steinhauser. Haiengandik gertu samar, Plapp, Quentin Hermans eta Andrea Vendrame pasa dira pankartapetik, eta jaitsieran zazpikotea osatu da buruan. Euria hasi du barra-barra, eta Vendrame arriskatu egin da. Jaistaile aparta, atzekoek galgari gehitxo eragin diotela baliatu du, zulotxoa irekitzeko. Vendrame esprinterra izan zen behinola, talde txikietako gizon azkarra ondoren, eta etapa gorabeheratsuetan ondo moldatzen den txirrindulari ona azken urtetan.

Alaphilippe-ek eta Narvaez-ek 10 segundora eduki dute Vendrame, baina ez dute harrapatu, eta ihes egin du. Helmugan ikusi dute, Cima Sappada zailtasun franko zituen mendatea bazen ere. Italiarrak 1.15eko aldeakin ekin dio aldapari, eta minutuko errenta erosoarekin helmugaratu. Bikain neurtu ditu bere indarrak, eta izenez bera baino indartsuagoak zirenak menderatu. Hik lan, eta nik jan, esango zien Alaphilippe, Narvaez eta besteei etapa garaileak.

Tropelak lasai hartu du eguna, eta 16 minutura helmugaratu da ia. Helmugatik gertu Geraint Thomas-ek muturrekoa hartu du, Tiberiren atzeko gurpila ukituta, baina onenen taldetxoak itxaron egin dio. Biharko etapari indarrak gorde dituzte oilarrek, baina bihar loteriako gordo-ak jabea du. Tadej Pogacarrek azken aurreko etapa irabazi nahi duela esan du gaur, eta esan badu, agur; beste guztiek jai dute. 20. etapa jokatuko da bihar: Alpago-Bassano del Grappa. 184 kilometro eta lehen mailako bi aldapa, baina mendate bera: Monte Grappa. Giro osoko mendate gogorrena da Monte Grappa, eta min handia egin dezake. Ez noski, maglia arrosari, baina sailkapen nagusiko Top 10ean aldaketa franko egon daitezke. Monte Grappa 18.1 kilometro da luze, eta batezbestekoa oso serioa da: %8.1. Bitan igoko da alde beretik. Etapa ederra, Erromako Koliseora iritsi aurretik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak