Mamuak jai hartu duela baliatu du Steinhauser gazteak

Erabiltzailearen aurpegia Andoni Urbistondo 2024ko mai. 22a, 18:24

Georg Steinhauser. Argazkia: EF Pro Cycling

Garaipen ederra lortu du 22 urteko alemaniarrak, gauza benetan arraroak izan dituen etapa menditsuan.

Luze gogoratzeko gauzengatik gogoratuko da Passo Brocon mendateko iritsiera. Lehena, ez duelako Tadej Pogacarrek irabazi. Ez duelako nahi izan, ziur aski. Bigarrena, alemaniar gazte baten garaipen ederra ikusi dugulako: George Steinhauser, 1.90ko eta 65 kilo eskaseko zainzuria. Egoskor bilatu du garaipena Education First-eko mutilak, eta lortu du azkenerako. Hirugarrena, oilarren artean Ben O'Connor larri dabilela, eta gauzak normal, podiumera igotzeko borrokatik kanpo gelditu dela, gaur 50 segundo galduta Thomas eta Daniel Felipe Martinez-ekiko. Eta laugarrena: INEOS zertab ari den ere inork ez daki. Arensman indartsu dagoela dirudi, baina taldeak 2 kilometroko errelebo gogor bat emateko bakarrik erabiltzen du, ezer gutxirako. Eurek hartu dute tiratzeko ardura azken 30 kilometroetan, baina zertarako?

Etapa luze gogoratuko da DSM taldeak erakutsi duen jarreragatik. Ulerkaitza izan baita guztiz. 10 laguneko ihesaldia osatu da, eta Bardet ez da bertan sartu, etapa hasi aurretik garaipena nahi zuela esan arren. Beno ba talde erdia jarri du aurreko ihesaldia erretzeko, baina harrapatu dutenean Bardet-ek ez du erasorik jo, eta taldekideak erretiratu egin dira tropel burutik. Bronka ederra bota die UAEko Rafal Majkak, hori egin eta gero eraso festa ahalbidetu dutelako. Eraso horietan sartzeko imintziorik ere ez du egin Bardet-ek, eta Einstein-ek ere ezingo luke azalpen sinesgarririk eman gaur gertatutakoaz. Oso trakets DSM, ulertezin.

Kaos horretan Steinhauser izan da bizkorrena, Gebrezabhier-ekin batera. Impasse egoera batean egin dute ihes, etapa garaileak bigarrenez, lehen ahaleginean ere eguneko ihesaldian zegoelako. Alemaniarrak Eritreakoa atzean utzi du Brocongo lehen pasaeran. Tropela 1.30ra zegoen gainean, baina euria hasi du barra-barra, eta tropela lasaitu egin da. Nahikoa Steinhauser-ek hiru minutuko zuloa ireki eta garaipen ederra lortzeko.

Bihar 18. etapa, bailarara bueltan: Fiera Di Primiero-Padova. 178 kilometro eta mendaterik ez. Volata ate joka berriro.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak