Ave Tadeo!!!

Erabiltzailearen aurpegia Andoni Urbistondo 2024ko mai. 21a, 18:59

Bosgarren etapa irabazi du Tadej Pogacarrek, berriro aurkariak hankapean ibiliz, jolasean, bere onena emateko beharrik gabe.

Nahi duena egiten du. Hainbestekoa da bere nagusitasuna kilometro pare batean estutzea nahikoa duela bere palmaresa loditzen jarraitzeko. 74. garaipena lortu du Passo Pineiko helmugan, eta beste garaipen asko bezala, gaurkoan ere hanka batekin lortu du, bere gaitasun gorenera arrimatu gabe. Txiki ez, ez gauza utzi ditu bere aurkari guztiak bizikletatik jaiki gabe, erasorik jo gabe, eta jolasean, paseoan dabilenak egiten duen bezala, batere estutasunik pasa gabe. Enperadore eta diktadoreek egin izan duten moduan, Pogacarrek nahi duena egiten du, nahi duen bezala, nahi duen unean. Batek daki zenbat garaipenekin konformatuko den, nahi izango balu beste hiru etapa irabazteko gaitasuna sobera baitauka. Hats off, eta Ave Tadeo, ezin besterik esan.

Etapa polemikarekin hasi da, baina saihesteko moduko polemikarekin. Goizean euria zen Livignon, goian-behean, eta Umbraill Passen elurra lodi ari zela zioten hango berriek. Mauro Vegni RCS talde antolatzaileko burua, baina, tinko itxi da euren posizioan, etapa eurek prestatu bezala korritu behar zela, azken unean eguraldi baldintzak hobetuko zirelakoan. Baina hobetu ez, txartu egin dira, eta Livigno irteeran, 1.800 metrora. elur bustia ari zuen. Passo Foscagno igo behar zuten Umbraill Pass-era bidean, eta han elurra mara-mara ari zuen. Nola pasa bertatik, tenperatura zeroz azpitik zela? Txirrindulariek hipotermia bat jasateko arriskuarekin? Ziklistek esan dute, antolakuntza benetan txarra dela, ezin delako jakina zen erabaki bat azken unera arte atzeratu, ez dutelako ibilbide alternatibo egoki bat egiteko adore edo gaitasunik izan. Gaurko etapa ezingo zela korritu atzotik zekiten, eguraldi pronostikoek zaparrada eta elurra iragartzen zutelako. Baina Vegni eta RCS berera, erridikuloz erridikulo, eta txirrindulariak amorrarazten.

Etapako lehen 90 kilometroak murriztu dituzte, eta 112ko saio zozo bat utzi dute. Zozoa lehen 75 kilometroak beherantza zirelako, azken 35etan aurrez erabakitako bi mendateak mantentzeko: Passo Pinei eta Monte Pana. Lau laguneko ihesaldia osatu da, Alaphilippe tartean, baina tropelean Movistar taldeak egin du lana diferentzia ikaragarri handitu ez zedin. Zein helbururekin, eurek argitu beharko dute, etapa bukaeran lasterketa burutik agertu ere ez baitira egin. Einer Rubiok segundo batzuk irabazi dizkio Bardet-i, 33 hain zuzen ere, baina horretarako taldea hustutzea ere... Ulertezina, baina ez da gertatzen den lehen aldia.

Movistar Pelayo Sanchez-ekin mugitu da, baina ez da argi geratu etapa irabazteko, edo Einer Rubiorentzako lana egiteko izan den. Fenomeno paranormalak. Haien taktika hautsi denean halako kontrol falta sortu da tropel buruan, eta Costiou eta Pellizarik egin dute aurrera. Alaphilippe harrapatu dute, baita atzean utzi ere, eta Pellizzarik oso gertu ikusi du etapa garaipen handi bateko lorpena. Tropela, baina, minutu erdira zetorren, eta Majka lanean jarrita, garbi geratu da Pogacarrek bosgarren garaipena nahi zuela. Hala izan da, eta esan bezala, hanka batekin, nekerik sentituko ez balu bezala nagusitu da. Pellizzarik ez du etaparik lortu, baina Pogacarren betaurrekoak lortu ditu, sikiera.

Oilarrei dagokionez, Bardet aritu da okerren, baina zenbaitzuri nekea, ezina sumatzen hasi zaie. Geraint Thomas-i, adibidez. Izan liteke eguraldiagatik, edo atzo atseden eguna izan zelako. Galestarrak etxean dauka podiumerako hautagai, Thymen Arensman. Herbeheretakoa gero eta hobeto dago, eta gaur erakutsi diu ez dagoela nagusiaren aginduak jarraitzeko. Daniel Felipe Martinez-ek ere aurrerapausoa eman du bigarren koska konkistatzeko. Dena den, jendea justu samar doa, eta biharko eta larunbateko etapa gogorretan sekulako tabloiak ikus ditzakegu onenen artean.

Bihar erne. etapa oso gaiztoa baita: Selva di Val Gardena-Passo Brocon. 159 kilometro eta hainbat mendate bidean. Hasi eta berehala, Passo Sella erraldoia, 2.244 metrokoa. Aukera baduzue, eta eguraldiak uzten badu, gozatu biharko parajeekin, Gruppo Sella menditzarrekin, ez baitute parekorik. Muturrekoak egongo dira hasiera horretan ihesaldia harrapatzeko, eta ez harritu Top 10ean dagoen norbait jokoz kanpo geratzea helmugatik urrun. 40 kilometroko jaitsiera etorriko da gero, Passo Rolle luzeari ekiteko (20 km., %5eko batez besteko malda). Passo Brocon izango da azkena, bitan igoko dutena. 13 km. malda da, eta %6ko batez besteko pendiza. Bihar gaur baino askoz diferentzia handiagoak izango dira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak