Ferraria bizikleten kontra

Erabiltzailearen aurpegia Andoni Urbistondo 2024ko mai. 19a, 18:44

(Argazkia: Giro d'Italia)

Tadej Pogacarrek hamaikagarren erakustaldia eman du Livignon, eta txiki utzi aurkari guztiak hanka batekin.

Bart Realeko Natalia Arroyo entrenatzaileak erabilitako konparazio bat ekarriko dugu gaurko kronikara, gertatzen ari dena ulertzeko. Bartzelonak Realari eman zion jipoiaren ostean, Barça Ferrari bat izan zela esan zuen, eta Reala bizikletan zihoala. Konparazio ezin hobea Pogacar Giroan egiten ari dena ulertzeko. Ferrarian doa, eta beste guztiak bizikletan. Beno, Pogacar ere bizikletan doa, baina Ferrari baten motorra daukan gorputz ikaragarri batek eragiten die pedalei. Etapa ikaragarririk egin gabe lortu du, gainera, bere laugarren garaipena. Taldea zeharo erre gabe. 40 laguneko ihesaldia kontrolpean eraman dute beti, 4 eta bost minutu arteko diferentziarekin. Passo di Foscagno gainean Domen Novak-ek aurrekoen abantaila hiru minutu eta erdira murriztu du eta Rafal Majkak eman du azken erreleboa. Kilometro erdia egin du poloniarrak, baina erotzeko moduko 500 metro. Pogacar-en erasoa etorri da gero, eta arrivederci. Gizonak umeen kontra. Trapu zahar baten pare utzi ditu atzean txirrindulari bikainak, eta 4.5 kilometrotan bi minutu eta erdi kendu dizkie. Fuoriclasse Pogi.

Etapa ederra izan da, bukaera arte mantendu baita tentsioa. 44 lagunek egin dute aurrera, eta zaldi onak aurrean: Quintana, Storer, Nicola Conci, Valter, Pellizari, Scaroni, Steinhauser... 4 eta bost minutu arteko tartea izan dute, baina UAEk ez du ihesaldia harrapatzeko moduko erritmo itorik jarri. Aurrean ere morroi onak zeuden lanerako, eta tarteka, ihesaldiak arrakasta lor zezakeela zirudien. Pogacarrek Majkari errelebo magiko hori ematea agindu dion arte. Esloveniarrak airean utzi du oilarren taldea, Steinhauser harrapatu Foscagno baino lehen, eta Quintana bera helmugatik bi kilometrora, Mottolino gaineko zati gogorrenaren atarian. Behin kolonbiarra atzean utzita, gozatu egin du maglia arrosak. Urte batzuk atzera Le Grand Bornand eta Colombiere-en egin zuen balentria bera errepikatu du, baina azken bi kilometroak Printze eta Erregeek bezala egiteko, oles egiten jendeari.

Sailkapen nagusiari begira, aurrerapausoa eman dute podiuma lotzeko Geraint Thomas eta Daniel Felipe Martinez-ek; neurria eman Ben O'Connor eta Thymen Arensmanek, eta tabloi handi samarra hartu Tiberi gazteak. Bi minutu galdu ditu Bahrein taldekoak. Bihar atsedena, eta gero Dolomitetatko hiru etapa ikusgarri, jokoan. Hori bai, maglia arrosa guztiz erabakita dagoela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak