Pogiren ipurdiari begira

Erabiltzailearen aurpegia Andoni Urbistondo 2024ko mai. 13a, 19:05

(Argazkia: Giro d'Italia)

Lehen asteak esloveniarraren erabateko agintea utzi digu, eta traza bera izan dezake bigarrenak ere.

Taldeari bere lana eskertzeko izan, edo indartsuena izan eta nahieran dabilelako, kirol diktadura batean murgilduta bizi da Giroa. Batzuek gustukoa izango dute, onenaren erakustaldiak ikusi eta ikusi, inoiz aspertu ez. Onenaren balentriek apalagoen grina, kemena itzal dezaketela sumatu gabe. Etapa garaipena erabakita dagoenean merezi al du saiakerak? Biharko etapan saiatzeak merezi al du? Pogacar-ek erabakiko du. Berak eta bere taldeak, baina Prati di Tivoko, larunbateko etaparen antzekoa da oso, eta orduko gauza bera errepika daiteke. Onenak ziklismoa ohoratzea delako diziplina honen esentzia...

Aspergarri samarra izan da lehen astea, eta podiumeko bi koskak lortzeko borrokak ere gauza gutxi erakutsi du. Erakuts dezake, tamalez, aste honetan ere. Pogacarren ipurdiari begira, sailkapen nagusiak iraupen lasterketa soila bilakatzeko arriskua du. Pogacarrek etapak azken metroetan esprintak eginez irabazi nahi baditu, inor ez da mugituko. Pogacarrek ahalegin guztiak zapuztuko dituelako.

Bihar Bocca della Selva mendatea igoko da, Pogacarren baitan, zer gerta. Etzi volata, ostiralean bezala. Ostegunean Napoliko etapa bukaera errepika daiteke, muinoz jositako etapa baita. Larunbaterako 31 kilometroko erlojupeko erabat laua geratuko zaigu, non Pippo Ganna bakarrik den maglia arrosari itzal egiteko gai. Eta igandean, Giroko etapa gogorrena.

222 kilometro ditu, eta 5.700 metroko desnibel metatua. Mortirolo ezaguna igoko dute, alde errazenetik, eta ondoren Passo del Foscagno eta Mottolino, 2.300 metro pasako mendateak biak, Livigno inguruan. Triskantza handiak egiteko moduko etapa da, baina liderrak lasterketa kateatuta eraman nahi badu, akabo. Iraupen proba soila izango da. Beste behin.

Hori gertatzeko arriskua handia da, beraz gozatu, ahal den neurrian, edo Pogacarrek uzten duenaren baitan...

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak