Erakustaldiz erakustaldi, gozatzen ari gara, baina denak dauka muga bat, ezta? Edo ez?. Ze hainbeste erakustaldi, hainbesteko nagusitasun, aurkaria ez gauza egin, txikian txiki... ez da onartzen erraza beti atzetik geratzen denarentzat. Pogacar errege dabil, nagusi, agintari, eta apurrak ere ez ditu utzi nahi inorentzat. Egunen batean buelta etorriko zaio, agian, eta orduan Giroko lehen astean erakutsi duen berekoikeria kontran bueltatuko zaio. Ihesaldietarako oso aproposa zen etapa, eta kalitate handiko ihesaldia osatu da. UAEk, baina, ez du baimenik eman eta aldea bi minututik gora joan denean ihesladia harrapatzera joan dira oso urrunetik.
Prati di Tivo gainean hanka batekin irabazi du Pogacarrek. Aurretik egin dizkioten dozena pasa eraso ahaleginei hanka batekin erantzun die maglia arrosak, eta garaipena ere nekatu gabe lortu du, esprintari 200 metrora ekinda. Galdera honakoa da: merezi du etapa garaipen soil bat lortzeko hainbeste erretzea taldea? Batzuek ados egongo dira, besteak ez. Daniel Felipe Martinez eta Ben O'Connor helmugaratu dira atzetik, baina ez dute aukerarik txikiena eduki etapa irabazteko, Pogacar menderatzeko. Diktadura baten pare. Podiumerako borroka utziko die besteei, ezin duelako hiru postuen jabe egin. Pasa txokora, esan die denei harro-harro.
Bihar 9. etapa korrituko da, Avezzano-Napoli. 214 kilometro eta volata, gauzak normal.