Nahieran ari da

Erabiltzailearen aurpegia Andoni Urbistondo 2024ko mai. 10a, 18:15

Argazkia: EITB

Pogacar-ek erlojupekoa irabazi eta Giroa hautsi du, lehen herena betetzerako. Bi minutuko atzerapenaren bueltan utzi ditu aurkari guztiak, eta askoz atzerago beste batzuk.

Jolasean ari da, nahieran, hanka batekin, katerik gabe. Ez dago zereginik eta ez zaio bueltarik eman behar. Giroko lehen astea bakarrik joan zaigu, baina itzulia erabakita dago. Nahikoa izan du gainean bukatutako etapa bat, Oropa, eta erlojupeko luze bat, aurkari denak txikitzeko, Alde ikaragarriak lortu ditu esloveniarrak, eta mezu argia bidali aurkari guztiei. Datu bakar bat, Pogacarren erakustaldiaz jabetzeko. Bi minutu kendu dizkio Geraint Thomas-i, orain arte bere aurkari zorrotzena izan dena. Bi minutu horietatik bi heren, minutu eta erdi, etapa bukaeran zegoen 6.4 kilometroko aldapan kendu dizkio. Aho bete hortz geratzeko moduko zenbakia, G bukaeran eskas aritu dela esan behar bada ere.

Disgusto latza hartu du Pippo Gannak, baina erlojupeko bukaerak kondenatu du. Erlojupekoko %85 bere aldekoa zen oso, eta hor 47 segundo kendu dizkio Pogacar-i. Azken igoeran, baina, 1.04 kendu dio maglia arrosak Verbaniako erraldoiari, eta akabo. Podiumeko bi koskak konkistatzeko borrokari dagokionez, Daniel Felipe Martinez Borakoak eman du aurrerapausoa, bukaerako igoera bikaina eginez. Liderra eta Top 10eko hautagaien arteko diferentziak handiak dira, baina bigarren sailkatutik 15.era hiru minutu baino ez daude. Horrek joko handia emango die mendiko etapei. Hori bai, Pogacar joko horretatik kanpo dago, ez da lehiaketan sartzen.

Kolonbiarra 2.36ra dago, Thomas 2.46ra, Ben O'Connor 3.33ra, Plapp 3.42ra, Lutsenko 3.49ra, Cian Uijtdebroeks 3.50era, Tiberi 4.11ra, eta Zanna eta Fortunato 4.41 eta 4.44ra, hurrenez hurren, Top 10a ixteko. Hauen artean borroka latza egongo da eta biharko etapatik hasita: Spoleto-Prati di Tivo, 152 kilometro eta oso oso arriskutsua. Impegnativa, Italian esaten duten moduan. 3.600 metroko desnibel metatua du, eta bukaera mendate benetan pikoan: 14 km. eta %7ko batez bestekoa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak