Eon hai lo eta jango dek mehe!!!

Erabiltzailearen aurpegia Andoni Urbistondo 2024ko mai. 8a, 17:40

Ben Thomas helmugan. Argazkia: Giro d'Italia

Ihesaldiko kideak tropelaz trufatu dira, eta Ben Thomas-ek inork gutxik espero zuen garaipena lortu du.

Txirrindularitza politagoa da ahulagoak irabazten duenean. Eta dena volata bat ikusteko prestatua zegoenean ihesaldiak arrakasta izatea gauza polita da. Tropelaz trufatu dira ihesaldian sartu diren lauak, 'eon hai lo eta jango dek mehe' esan diote ozen, eta behingoagatik multzo handiaren diktadurari ihes egin. Gozoak izango dira Lidl-Trek taldekoak hotelean, Jonathan Milanek hiruzpalau morroi erre dituelako alferrik. Atzoko garailea esprintak dituzten beste taldeetako kideekin ere haserretu da, kargu hartzeraino, Lidl Trek bere kabuz soilik ez gauza izan baita laukotea harrapatzeko. Milan-ek ulertu beharko luke, esprinta irabazteko hautagai nagusia izan da, aurkarien taldeek jende gehiegi ez erretzea bere mesedean.

Kosta egin da ihesaldia egitea, baina egin da eta lau errodadore on sartu dira: Valgren, Ben Thomas, Pietrobon eta Paleni. Minutu eta erdiko baimena bakarrik eman dio tropelak, baina kalkuladorak kale egin die behingoagatik. Tropelak segundoak oso gutxinaka kendu dizkio laukoteari, eta helmugatik 8 kilometrora etsi egin dute. Aurrean Pietrobon-ek jo du 800 metrora, baina Valgren eta Thomas atzetik etorri eta azken hatsean gainditu dute Pietrobon. Sailkapen nagusian ez da aldaketarik egon.

Bihar sterrato-a, lurbidea dator: Torre del Lago Puccini-Rapolano Terme. 180 kilometro eta sterratoko hiru zati, 12.6 kilometro denera. Ez da Strade Bianche bat, baina klasiko horretako hainbat zati pasako dira. Sterrato-az gain, gorabeheratsua da oso etapako bigarren erdia, arnasa hartzeko tarterik gabe. Pogacar-ek seigarren egunean erasoa joko zuela esan zuen bere instagram kontuan Giroa hasi aurretik. Badakizue zenbatgarren etapa den bihar, ezta?

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak