Irin guztiak ez dira zuri

Erabiltzailearen aurpegia Andoni Urbistondo 2024ko mai. 4a, 19:14

Jonathan Narvaezek irabazi du Torinoko etapa, Pogacar garaiezina menderatuz ezustean; mina egin du San Vito koskatxoak, eta Bardet eta Arensman atzeratu.

 

Dena zegoen prest Pogacarren garaipenerako, esloveniarrak maglia arrosa lehen egunean jantzi eta Erromako Coliseum-eraino eraman zezan. Muturreko ahalegina egin du UAEko liderrak San Vito koskan, baina espero ez zuen grano mingarria atera zaio: Jonathan Narvaez. INEOS taldeko ekuadortarrak igoera bikaina egin du San Vito koskara, eta Pogacarrek jotako dozena pasa eraso eta erritmo aldaketei erantzun ezin hobea eman. Beti Pogacarren arrastoan, beti lasai, eta bere gaitasunean konfiantzaz lepo. Xakmann alemaniarra ere ondoan zuten Pogacarrek eta Narvaezek, San Vito 20 segundoko errentarekin hasi ondoren. Esprintean Pogacar zen faborito, baina Narvaez-ek bikain eutsi dio, Pogacar urduritu eta behar baino lehenago ekitera behartuz. 150 metrora ekin dio etapa garaileak, aise gainditu Pogacar eta etapa eta maglia arrosa lortu. Pozarren zen ekuadortarra, eta zerura begira Pogacar, jasotako muturrekoari azalpenik bilatu ezinik.

Lehen etapak uste baino zehar kalte gehiago utzi ditu. UAEk erritmo gogorra jarri du Colle della Maddalenan, aurkariak estutzeko asmoz, eta han hasi dira sufritzen Arensman, Bardet eta Pozzovivo, besteak beste. San Viton hiru lagun bakarrik geratu dira buruan, eta helmugan alde politak egon dira. 10 segundo galdu dituzteTiberik, Carusok, Thomasek, Uijdebroeks-ek, Daniel Felipe Martinez-ek, Ben O'Connor-ek, Pellizarik eta Lutsenkok. 20 Juanpe Lopez-ek, 57 Pozzovivok eta Bardetek, eta 2.17 Arensmanek.

Bihar bigarren etapa, San Francesco al Campo, Oropa Santutegia. 161 kilometro eta bukaera lehen mailako mendate mitiko batean. Oropa ez da mendate gogor-gogor horietakoa, baino gaur gertatu dena gogoan, bihar diferentzia handiagoak egongo dira. Oropa 12 kilometro da luze, eta %6.2ko batez besteko malda du, tarteka malkarra askoz handiagoak badira ere. Oropan sufritu zuen beste inon ez bezala Miguel Indurain handiak, eta bihar ere gorriak ikusiko ditu akaso, espero ez den norbaitek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak