Madril eta Avilako mendiek etapa garailea erabaki dute, baina sailkapen nagusia mugitu ere ez da egin. Beno, mugitu da, baina Jumbo Vismako hiru liderrak eskutik elkar hartuta helmugaratu direlako, onenengandik segundo batzuetara. Anaitasun, talde izaera bilatu nahi izan dute liztorrek, eta Vueltako argazkia eskaini mundu guztiari. Asturiasko mendietan izan duten jarrera polemikoa zuritzeko izan ote den edo ez jakin ezinik bukatuko da Vuelta, eta norberaren esku ze kontakizun sinisten den.
Etapa garaipenerako borrokan ehiztari trebatuenak aritu dira indartsuen. Remco Evenepoel tartean. Hiru taldekiderekin sartu da osatu den 31 laguneko ihesladian, eta Soudal-Quick Step taldeak hartu du ihesaldia gidatzeko ardura. Odol garbiko zaldi sendoak sartu dira aurrean: Bardet, Kamna, Marc Soler, Wout Poels, Einer Rubio, Rui Costa... Jumbo Vismak egiten utzi die, nagusian gertuen zegoena Remco zelako, baina 27 minutura. Gesink eta Van Baarleren gidaritzapean, tropela etapa osatzera mugatu da San Lorenzo de El Escorial mendatera arte iritsita. Han Movistar eta Mas sagarrondoa astintzen saiatu dira, baina gatzik gabeko erasoekin. Lasterketa buruan Poels izan da indartsuena azken mendatean gora. Aurkari guztiak atzean utzi ditu, baina mendateak ez zuen askorako ematen, eta Remcok ondo eutsi dio, mendiko pankartapetik Poels, Soler eta lagunengandik bost segundo eskasera pasata.
Remcok polizi lana egin du azken kilometroetan, iheskide zituenak zorrotz zainduz, eta etapa garaipena esprintean erabakitzera behartuz. Iheskideek ez dute eraso kolpe bakar bat jo, ibilbideak beheranzko joera zuelako. Azken kilometro erdian sartuta, Poels-ek jo du ezustean. Esprint arraroa izan da: plater handia eta pinoi txikia sartu, pedalak astindu, eta txirrindulariak muga-mugan zihoazela baliatu, ezustea emateko. Evenepoel azkar atera da Poels-en bila, baina Bahrein taldekoak ondo eutsi dio eta gurpil erdiagatik menderatu du Remco faboritoa. Tarteka faborito ez direnek loria lortzen dute, eta Poels-ek ondo merezitako garaipen ederra lortu du.
Bihar festa, entrenamendu lasaia. 100 kilometro, eta atsedena!