Gosearen akatsak!!!

Erabiltzailearen aurpegia Andoni Urbistondo 2023ko ira. 15a, 18:11

DSM taldeko Alberto Dainese helmugan. (Argazkia: La Vuelta).

Alpecin taldeko treno gidariak akatsa izan du azken kilometroan sartzerakoan, eta Kaden Groves faboritoa jausi egin da; DSM taldeko Dainese italiarrak irabazi du etapa.

Haizerik gabe, tropelak eroso kontrolatu du gaurko etapa. Laukote baten ahalegina baimendu du, baina lau zaldi gainekoei hauspo gehiegi eman gabe. Helmugatik 15 kilometrora harrapatu dituzte, eta han hasi da esprinterren festa. Kaden Groves ondo hasi zen, baiba azken aldian kamustu samar sumatzen zitzaion. Iscarren aukera bikaina zeukan, baina bere trenoko gidariak akats larria egin du azken kilometroan sartu aurretik. Gosearen, edo beharraren akatsa. Ezkerrera egin du, ezkerretik beste treno bat zetorrela jabetu gabe. Education First-ekoa zen trenoa, eta tiratzen ari zen lehen txirrindulariaren gurpila ukitu eta lurrera joan dira Alpecin taldeko ziklista batzuk. Tartean Groves bera. Agur etapari. Filippo Gannak egoera hori baliatu nahi izan du, baina aukeran urrunegi ekin dio esprintari, eta Alberto Dainese herrikideak, Gannak baino askoz eskarmentu gehiago volatetan, aise menderatu du.

Bihar Vueltako azken etapa menditsua jokatuko da: Manzanares el Real-San Lorenzo del Escorial, Madril eta Avila arteko mendietan. Ez da Erdialdeko Mendikatean korritzen den ohiko etapa, ohiko mendate entzutetsuekin, baina badu bere arriskua. 208 kilometro da luze, eta 4.200 metroko desnibel metatua dauka. Bidean hirugarren mailako 10 mendate, eta horietako batzuk kateatu samar. Eguraldi nahasia espero da, eta oilarren batek kukurruku egin eta atzean gera daiteke. Etapa garaipenak ia faborito bakarra dauka: Remco Evenepoel.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak