Irin guztiak ez dira zuri...

Erabiltzailearen aurpegia Andoni Urbistondo 2023ko ira. 14a, 22:13

(Argazkia: La Vuelta)

Jumbok Sepp Kuss liderra errespetatu du lehen aldiz, orain arte ez bezala, eta estatubatuarrarentzat izango da Vuelta, gauzak normal; Evenepoel-ek beste erakustaldi bat eman du, eta etapa maisuki irabazi.

Irin guztiak ez dira zuri, edo gauzak ez dira diruditena. Jumbo Visma taldearen jarrerak sortu du jakinmin gehien Vuelta honetan, batez ere hiru liderren egoeraz egin duten kudeaketa. Anglirun erakutsi zuten jarrera zatarraren ostean, atzera egin dute gaur, eta behingoz Sepp Kuss-en lidergoa errespetatu eta babestu dute taldeko beste bi oilarrek. Bereziki Jonas Vingegaard-ek, aurreko egunetan bere erasoekin Kuss-en agintea kolokan jarri duen txirrindulariak. Goizean Jumbo taldeko Addy Engels kirol zuzendariaren esanekin esnatu gara, non taldean armoniaz ari direla zioen, eta egin duten guztia adostutakoa izan dela. Beno ba gaurkoa ikusi ostean ez da sinesgarria. Zergatik ez dute erasorik jo gaur Vingegaard-ek eta Roglic-ek? Atzokoan ere ondo baino hobeto lotuta zuten podiuma, baina Vingegaard-ek maillot gorria lapurtu zion ia-ia Kuss-i, Roglic-en erasoari eutsiz. Gaur Vingegaard aise joan da, eta nahi izan balu, Kuss-i zortzi segundoko errenta hanka batekin ken ziezaiokeela zirudien. Estatubatuarra babestu du, baina. Kuss-ek esana zuen Bejes-en, ez zuela oparirik nahi, indartsuenak irabazi behar zuela Vuelta. Berak irabazten badu, denoi geratuko zaigu zalantza betirako: Kuss izan al da Jumbo taldeko ziklista indartsuena Vueltan? Hitz hauen egilearen ustez ez.

Etapa lortzeko borrokan ere ikatz ez guztiak beltz ez direla ikusi da. Bart Remco Evenepoel hustu egin zen Anglirura bidean, eta zalantzak zeuden, gaurko etapari begira berrindartuko ote zen edo ez. Erakustaldia eman du Flandeskoak, eta bere hirugarren etapa irabazi maisuki. 13 kideekin egin du ihes, taldetxoa txikitu du nahieran, eta sudur puntan jarri zaionean aurkari guztiak aitaren batean utzi ditu atzean. Etziko etapa geratzen zaio oraindik, Guadarraman, eta oilarrek erakutsi duten ahulezia gogoan, etapa hori irabazteko hautagai sendoena da Remco.

Eskerrak etapa garaipenerako borrokak joko pixka bat eman duen, ze nagusikoen arteko borroka eskasa izan da benetan. Oilarrak muga-mugan doaz, dagoeneko, eta Bahrein sagarrondoa astintzen saiatu bada ere, Mikel Landa bera soberakin handirekin gabe doala ikusi da Cruz de Linares gainean. Juan Ayuso eta Enric Mas, nagusiko laugarren posturako aurkari dituen bi ziklistak ez daude askoz hobeto, baina gaur bikote hori atzean uzteko komeriak izan baditu, larunbatean zailagoa izango da.

Bihar 19. etapa, laua, haizearen zain: La Bañeza-Iscar. Volata!!!

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak