Erakustaldia errepidean; jarreran...

Erabiltzailearen aurpegia Andoni Urbistondo 2023ko ira. 13a, 19:08

Roglicek irabazi du hamazazpigarren etapa. Argazkia: La Vuelta.es

Jumbok bere nagusitasuna berretsi du Anglirun; Roglicek irabazi du etapa, bere gurpilean helmugaratu da Vingegaard eta 18 segundora iritsi da Kuss; helmugatik bi kilometrora geratu da atzean liderra, eta bere bi taldekideek itsu-itsu jarraitu dute helmugaraino, talde itxura txarra emanda.

Lasterketa bat telenobela itxura hartzen hasten denean, malo... Jumbok 10 bat merezi du errepidean erakusten ari den nagusitasunagatik. Itzuliko hiru ziklista indartsuenak dituzte, podiumera igoko dira igandean Madrilen oker handirik ezean, baina lasterketako gestioan erakusten ari diren jarrera benetan zatarra, traketsa izaten ari da. Anglirun gora Roglic-ek egin du selekzioa, eta garbi geratu da gaur berari egokitzen zitzaiola garaipena, Vingegaard-ek ere bi irabazi ostean. Kuss komeriak pasatzen hasi da helmugatik bi kilometrora, baina Jumboko bi oilarrek aurrera jarraitu dute kupida gabe, Kuss aurkari zuzena bailitzan. Estatubatuarrak ondo pasa du trantzea, 18 segundora helmugaratu eta lidergoari eutsiz, baina ziur bere bi kideek erakutsi duten jarrerarekin ez dagoela konforme. Eta badago, mutil onegia da. Ezin da halako jarrera traketsik erakutsi proba bateko liderrarekiko, taldeko arduradunak oso leku txarrean uzten baititu.

Sailkapen nagusian lidergoari eusten dio Kuss-ek, baina Vingegaard zortzi segundora bakarrik dago, eta behartu nahi badu, itxura du zortzi segundo horiek irabazten saiatuko dela danimarkarra bihar, edo larunbatean. Roglic-ek zailagoa du, danimarkarra minutu batera daukalako eta Vingegaard polizia eraginkorrena baino hobeto zaintzen ari delako esloveniarraren gurpila. Ez dio metro bakar bat ere eman nahi izan Angliruko azken bi kilometroetan. Roglic-etik behera, zulo handia, eta zulo horretan, distiratsu gaur Bahrein eta Mikel Landa. Murgiakoak aurkariak justu sumatu ditu, nonbait, eta taldekideei erritmo gogorra jartzeko agindu die Cordal eta Anglirun. Ezin izan die Jumboko oilarrei aurrea hartu, baina dagoeneko bosgarren da sailkapen nagusian, eta Ayuso laugarrena oso gertu dauka.

Etapan Remco Evenepoel-ek eman du hizpidea gaur ere. Atzo nahita galdu zuen denbora, gaur Jumboren baimena izateko, eta ihesaldi ona hartu du. Cattaneo taldekidea ere lagun izan du, tarteak egiteko, baina Evenepoel-ek kale egin du gaur. Cordal gainetik aurrera ezinean sumatu zaio, eta etapa lortzeko borrokatik at geratu da Angliruko tarte gogorrenean sartu aurretik. Roglic-ek jo du aurrena, eta Poels-ek eten du odolustea. Berriz jo du esloveniarrak, eta Vingegaard-ekin joan da bakarrik, etapa irabazteko.

Bihar 18. etapa, hau ere oso gogorra: Pola de Allande-Cruz de Linares. 179 kilometro, 4.000 metroko desnibel metatua eta bost mendate bidean: lehen mailako hiru, bigarren mailakoa bestea eta hirugarren mailako beste bat. Lehen aldiz igoko dute Cruz de Linares Vueltan, mendate tentea da: 8.3 km. eta %8.6ko batez bestekoa. Etapa erdian San Lorenzo ezaguna igoko dute, Asturiasko mendate gaiztoenetakoa, errepide ona izanda ere: 10 km. luze eta %8.6ko batez bestekoa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak