Jumbo taldea itxura txarra hartzen hasi da...

Erabiltzailearen aurpegia Andoni Urbistondo 2023ko ira. 12a, 18:54

Argazkia: Espainiako Vuelta.

Jonas Vingegaard-ek irabazi du Bejes gainean, eta batere beharrik gabe, enbidoa bota dio Sepp Kuss taldekide eta liderrari, nagusian 29 segundo geratuta; ikuskizun Kuss-ek eta Roglic-ek talde aginduak beteko dituzten, bihar, Anglirun.

Jumbok A, tropelak A. Jumbon B, tropelak B. Ezustekorik ez, liztor horiek nahieran dominatzen segitzen baitute Vuelta. Bejes mendatean gora, ordea, telenobela bat hasi zaigu: egoak, jeloskorkeriak, testosterona zainetan gori-gorian... Ez baita oso ondo ulertu Jumboren taktika. Jonas Vingegaard-ek azken mendateari ekin eta gutxira jo du eraso bortitza, eta inork ez du danimarkarraren gurpila jarraitzeko adorerik izan. Vingegaard-ek, noski egurra eman dio, eta minutuko errentarekin helmugaratu da, garaile. Nagusian terreno dezente jan dio Kuss liderrari, eta 29 segundora bakarrik kokatu da.

Hainbat irakurketa egin daitezke Vingegaard-ek egindako erasoaz, baina itxura du Jumbok Vuelta danimarkarrarekin irabazi nahi duela erabaki izana. Hiru oilarren artean indartsuena bera dela uste duelako, edota etorkizuneko proiektua Vingegaard-en inguruan eraikiko delako. Roglic-ek taldea utz dezakeela dioten zurrumurruak gero eta ozenagoak dira, baina ikuskizun esloveniarrak lege onez onartzen duen taldeak Vingegaard Vueltako garaile izateko hartu duen erabakia. Hautu hori Kuss-en aldekoa balitz ez luke desadostasunik erakutsiko, ziurrenik, Roglic-ek, baina Vingegaard izanda, kontuz. Kontuak kontu, Vingegaard-en erasoak kontrobertsia eragin du Vueltaren inguruan, eta taldean bertan eragingo du, gauzak normal. Kuss-ek, urtetan liderren alde hustu ostean, bere kirol ibilbidea itzuli handi batekin irabazteko aukera esku-eskura dauka, eta gaurkoa labankada mingarria bezala uler daiteke.

Eta Jumbotik harago zer? Basamortua. Eta gauza arraroak. Vingegaard-en bila Finn Fischer-Black Ayusoren morroia abiatu delako, ondo ulertu ez den erabakian. Mas eta Ayuso Roglic-en erasoa ezeztatzeko bakarrik mugitu dira, Kuss larri zihoala zirudienean. Akaso gaur zen liderrari segundo garrantzitsu batzuk kentzeko eguna, baina izatez kontserbadorea izateak ondorioak ditu, eta onak ez. Mas-ek ez du bere 4. edo 5. postua arriskuan jarriko duen erabakirik hartuko, eta horrek podium-etik kanpo utziko du ziurrenik. Kuss.ek txakalaldi handi bat hartzea da bere aukera bakarra, Vingegaard eta Roglic goitik baitabiltza.

Gaur gauean, Jumboko hotelean labanak dantzan ibiliko dira, eta erne bihar zer gerta, ez ote diren kirol zuzendariak diziplina mantentzeko gai izango talde barruan. Kuss-ek eta Roglic-ek euren foku zatia bereganatuko nahiko dute, eta Vingegaard-i, edo kirol zuzendariei kontuak eskatu, agian. Angliru famatuan bukatuko da biharko etapa, sekulako sona baina diferentzia eskasak egiten dituen mendatea. Izan ere, hain da gogorra, ezinezkoa dela erasorik egitea. Bakoitza bere erritmoan igotzen da, eta horrek indarra eta ahulezia estaltzen ditu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak