Erlojuak sententzia eman du. Ez zen erlojupeko luzea, ezta gogorra ere orografia mailan, baina mina egin du. Bakarrik joateak mugara eramaten ditu denak, eta mugara joateak alde ikaragarriak sortzen ditu. Filippo Ganna izan da onena. 62 hortzeko platerarekin osatu du kronoa, eta 56 kilometro orduko batez besteko abiaduran osatu du 26 kilometro eskaseko lana. Argi ikusi da italiarra gainditzeko krono bikaina egin beharko zuela Remcok, baina ez da hala izan. Bigarren egin du belgikarrak, eta bere aurkari guztiei denbora kendu, baina ziur etapa irabazi eta errenta handiagoa lortzea espero zuela Pit Bull-ak.
Evenepoel-ek 20 segundo sartu dizkio oso lan txukuna egin duen Roglic-i. 34 Almeidari, 36 Vlasov-i, 55 Juan Ayusori, 1.02 Vingegaard-i eta 1.30 Enric Mas-i, oilarren artean okerren aritu den faboritoa. Nabarmentzeko modukoa Sepp Kuss liderrak egindako lan ona. Bere maillot gorria arriskuan zegoen, Evenepoel-en gatza ikusita, baina aise eutsi dio lidergoari, eta Jumborentzat hirugarren aukera garrantzitsua da Pirinioei begira. Kuss igotzaile aparta da, ikuskizun egunero lider izateak dakarren presioa egoki kudeatzen duen.
Sailkapen nagusia
Sailkapen nagusian tarteak irekitzen hasi dira. Kuss eta Soler alde batera utzita, Evenepoel-ek 27 segundo kentzen dizkio Roglic-i, 1.07 Almeidari, 1.13 Vingegaard-i, 1.16 Ayusori, 1.41 Mas-i, 1.55 Vlasov-i eta 2.12 Mikel Landari, murgiarra 11. sailkapenean. Panorama aski interesgarria geratu zaigu Pirinioetako bi etapei begira. Jumbok Kuss-ekin ze jarrera hartzen duen argitu beharko da aurrena, baina litekeena da estatubatuarra erasorako erabiltzea, aurkariak urduritzeko. Roglic ondo dago, gero eta hobeto, eta Vingegaard ezin da baztertu, Tourreko garaile bikoitza da. Remcok ze neurri emango duen, ze indar daukan ere ikuskizun, eta garrantzitsua, era berean, UAE taldearen jarduna. Hiru lagun ditu Top 10ean eta hori erabili behar du aurkariak zigortubeta Ayusorekin errematea ematen saiatzeko. Mas-ek eta Vlasov-ek ere urrunetik erasotu beharko dute, eta lasterketa oso irekia dago.