Lasterketa, hainbestean; antolakuntza...

Erabiltzailearen aurpegia Andoni Urbistondo 2023ko ira. 4a, 15:00

Vingegaard aurtengo Itzulian

Bukatu da Vueltako lehen itzulia, eta sortu diren arazoek lehiaketak berak baino zeresan handiagoa eman dute; Sepp Kuss da lider, eta Jumbo Visma oso nagusi agertu da

Lehiaketatik kanpoko kontuek lehiaketak berak baino oihartzun handiagoa sortzen dutenean kontuz. Espainiako Vueltako lehen astean inoiz ikusi gabekoak pasa dira, eta ez etapa bakarrean, etapa batzuetan baizik, eta horrek antolakuntzarengan jarri du arreta guztia. Bartzelonako erlojupekoan ziklistak kexu ziren, gauez bukatu zelako etapa, eta argiztapena ez zelako nahikoa izan. Biharamunean denborak helmuga baino 9 kilometro baino lehenago hartu zituzten, euriak errepideak irristakor eta arriskutsu utzi zituelako. Ikustekoa izan zen Vueltak sailkapenak batzeko erakutsi zuen ezina eta behin-behinekotasuna... Arinsalen Remco Evenepoel etapa garaileak muturreko galanta hartu zuen etapa irabazi ondoren, eta atzo, Murtzian, azken orduko beste aldaketa bat, Caravaca de la Cruz gainean euri jasak bota eta errepide estua lokaztuta zegoelako. Benetan azpimarratzeko modukoa Fernando Escartin txirrindulari ohia, Vueltako ibilbidearen arduraduna, hesi baten gainean banderatxo hori batekin ikustea txirrindulariei denborak bertan hartuko zirela adierazteko asmoz. Oso itxura pobrea eman du Vueltak lehen astean, eta kritika asko jaso.

Lehiaketari dagokionez, gauza batzuk ikusi ditugu, baina askoz gehiago ikusiko ditugu hurrengo bi asteetan. Ikusi da Jumbo Visma oso nagusi dela, eta hiru lider dituela, Soudal, Movistar eta UAEk Sepp Kuss-i hiru minutuko errenta oparitu ziotelako Javalambreko etapan. Kuss ez da itzuli garailea, berez, baina bigarren erdian onenen pare bada, erlojupekoa pasata, baza bikaina da bere taldearentzat. Beste bi lider sendo dituen taldea. Itxuraz Primoz Roglic behetik gora dator, Vingegaard agian gero eta ahulxeago. Pirinioetako bi etapetan jakingo da zein dagoen hobeto. Evenepoel-ek hitzordu erabakigarria du bihar, Valladolid-eko erlojupekoan. Belgikarra oilar guztietan azkena abiatuko da, eta lider jartzeko erronka dauka. 25 kilometro bakarrik ditu bakarkako lan saioak, baina 2.22ra du Kuss, eta jan diezaioke tarte hori. Zailagoa izanen da, akaso, Marc Soler-i 1.40 jatea, baina horretarako gai ere bada. Maillot gorria eskuratu edo ez, Remcoren helburua Jumboko bi oilarrak ahalik eta gehien urruntzea da, mendian gora Roglic eta Vingegaard baino gutxiako baita pit bull-a. Ikuskizun Vingegaard bera Tourreko erlojupekoan eman zuen maila emateko gai izango ote den, munduko txapeldunaren aurrean.

Bigarren astea zerura begira jarriko da biharko erlojupekoaren ostean. Vinuesako Laguna Negra igoko dute etzi, mendate bakarreko etapa, baina ostiral eta larunbatean Pirinioetako bi etapak osatu beharko dituzte. Bata eta bestea, oso gogorrak. Ostiralean Aubisque, Spandelles eta Tourmalet-en bukatu, 124 kilometroko etapa. Larunbatean Biarnoko Salbaterran hasi eta Larra-Belaguan bukatu, Nafarroan, Izarbe, Iturzaeta, Laza eta Belaguako mendateak igota. Iganderako geratuko zaigu Iruñean hasi eta Lekunberrin bukatuko den etapa, ihesaldientzat aproposa. Pirinioetako bi etapak dira Vueltako gogorrenak, eta Jumbo indarrean agertzen bada triskantza handia egin dezake. Roglic, Vingegaard eta Remco dira, momentuz, podiumera igotzeko hautagai sendoenak, baina Kuss, Ayuso, Mas eta besteek ere eutsi baino zerbait gehiago egin nahiko dute. Edo ez...

Sailkapen nagusia:

1. SEPP KUSS    (JUMBO-VISMA)    35.23.30
2. MARC SOLER (UAE TEAM EMIRATES) 43ra
3. LENNY MARTINEZ (GROUPAMA - FDJ) 1. 02ra
4. REMCO EVENEPOEL (SOUDAL QUICK-STEP) 2.24ra
5. MIKEL LANDA (BAHRAIN VICTORIOUS) 2.29ra
6. PRIMOZ ROGLIC (JUMBO-VISMA) 2.29ra
7. JONAS VINGEGAARD (JUMBO-VISMA) 2.35era
8. ENRIC MAS (MOVISTAR TEAM) 2.35era
9. JUAN AYUSO (UAE TEAM EMIRATES) 2.45era
10. JOAO ALMEIDA (UAE TEAM EMIRATES) 2.55era 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak