Etapak erretzen doa Vuelta, eta mendateak dituzten saioetan gauzak ikusten ari gara. Xorret del Catin gora oilarren arteko dema ikusgarria ikusi dugu, baina helmugan ez da alde garrantzitsurik egon. Denak elkarrekin helmugaratu dira, Lenny martinez liderra izan ezik. Martinezek 1.10 galdu du, eta atzerapen horrekin maillot gorria ere galdu du. Argi geratu den bestea, Jumbo Visma taldearen agintea. Lana egin dute 30 laguneko ihesaldia harrapatzeko, Gesink-ekin aurrena, eta Van Baarlerekin ondoren, eta Xorret del Catin Sepp Kuss-ekin jo dute erasoa, Remco, Mas, Ayuso eta beste xaxatzeko. Izan ere, zer hobe inork espero ez duen txirrindulariak jotzea erasoa, eta zure liderrak bidea eroso egitea, babesean.
Kuss-ek jo du, eta metro batzuk hartu, baina Evenepoel-ek bikain zaindu du estatubatuarraren kolpea. 10-15 metrora eduki du, eta gainetik kilometro batera harrapatu du. Remcok berak benetan erritmo itogarria jarri du maldan gora, eta Vingegaard eta Roglicen erasoak galerazi. Hori bai, hustu egin da apur bat, eta garaipena lortzeko esprintean ez du aukerarik izan Roglic menderatzeko. Jumboko liztorrek eman dituzte, beraz, sari guztiak: etapa eta lidergoa, eta erabateko agintearen sentsazioa. Asko geratzen da, baina, eta Ayuso, Mas, Soler, Almeida, Mikel Landa eta beste aurrean mantentzen dira. Vueltak bizirik dirau.
Bihar 9. etapa jokatuko da, Murtziako lurretan: Cartagena, Collado de la Cruz de Caravaca, 185 kilometro Murtziako lurretan, eta bi mendate bidean: lehen mailako Casas de la Marina Perdiz, aurrena, eta bigarren mailako Caravaca de la Cruz, helmuga. Euri zaparrada handiak iragarri dituzte, eta horrek erabat baldintza dezake etapa.