Mendiko lehen etapak gauza batzuk erakutsi ditu. Interesgarriak denak. Garrantzitsuena, Remco katerik gabe doala, San Ferminetako zezenak baino indartsuago, hurbiltzen zaionari adarkadak emateko gertu. Pit Bull-ak sekulako esprinta jo du Vingegaard, Ayuso eta Roglic menderatzeko, eta pozarren, galgei eragin ez eta Astana taldeko masajista baten aurka egin du tupust abiadura handian. Aurpegia odolez beteta jaiki da Remco.
Bigarren ondorioa: jendea topera dago. Vuelta hasiera, ibilbideak ez du zigor handirik eragin oraindik oilarren hanka zuztarretan, eta Arinsalek ez du txikizio handirik egin. Ezberdina izango da Pirinioetan, lasai. G Thomas eta Landa izan dira kaltetuenak. 47 segundo eta minutu eta erdia galdu dute, hurrenez hurren.
Hirugarren ondorioa: Vingegaard Vuelta irabazteko asmoz etorri da. Bera irten da Remcoren atzetik, eta Ayuso eta Roglic taldekidea menderatu. Sepp Kuss-ek esana helmugan, Roglic-ekin saiatzea espero zutela, baina ez dela posible izan. Roglic gaizki dagoela esan nahi du kale egin izanak? Etapa bukaera oso aproposa zen berarentzat, baina Vuelta hasi besterik ez da egin.
Taldeen balantzea: Remco suziri bat da, baina talderik ez du. Nahikoa izan dira bi mendate hori ikusteko. UAEk badu, Jay Vine eta Marc Soler-ekin, eta Ayuso ere ondo dago. Zer esan Jumbo Vismari buruz. Buruan zortzi ziklista geratu direnean lau horiak. Indartsuenak dira, eta bi bala dituzte.
Bihar eta etzi kalma. Bihar Tarragona. Esprinta, azken 50 kilometroetan 3. mailako bi mendate badaude ere.