BINGOgaard!!!!

Erabiltzailearen aurpegia Andoni Urbistondo 2023ko uzt. 19a, 18:08

Kitto aurtengo Tourra, Pogacarrek pott egin eta sei minutu galdu baititu Col de la Lozen; etapa bikaina egin du Pello Bilbaok, baina Felix Gall izan da onena azken mendate tentean.

Akabo Tourra. Badu garailea: Jonas Vingegaard. Edo BINGOgaard, bigarren Tourra irabaziko duelako jarraian, lorpen zerrenda hori handitzen joateko itxurarekin, gainera. Ez da Pogacarren mendekurik, UAEren eraso festarik egon, esloveniarrak pott egin duelako Col de la Loze-en. Gainetik bost kilometrora geratu da, ezinean, eta minutu zakua galdu du Courchevelgo helipuertoan. Pogi gaixo dagoela zabaldu da, eta goizean Tourra utzi eta etxera joatekotan izan dela. Ezinak jota etapa bukatzeko adorea izan duelako, eskertzarik zintzoena Pogacar-i.

Jumbok ez du batere sufritu, etapa ezin hobe kontrolatu duelako eta Vingegaard Pogacar baino indartsuago sentitu delako itzuliko etapa erabakigarriaren atarian. Oilarrak eskortan kieto mantendu ditu Jumbok eta Pogacar hondoratu denean Tourrari sententzia ematera mugatu da Vingegaard, alarde handirik egin gabe.

Tropel nagusiko ikuskizun faltan ihesaldia sortzeko demak eman du zeresana. Asko borrokatu behar izan dutelako ziklistek ihesaldi onean sartzeko. 34 lagun sartu dira, eta odol garbiko zaldi onak, asko: Simon Yates,  Pello Bilbao, David Gaudu, Thibaut Pinot, Rafal Majka...

Bizpahiru minutuko errentarekin ibili dira egun osoan eta Lozen gora berez egin da galbahea. Felix Gall igotzailea izan da trebeena, eta majo sufrituta, ondo babestu ditu gaineko 22 segundoko errenta jaitsiera motz baina gaiztoan, eta helipuertoko igoera pikoan. Hirugarren postuan helmugaratu da Pello Bilbao, eta postu bat egin du gora sailkapen nagusian; seigarren da orain bizkaitarra. Larunbatean izanen du Top 5ean sartzeko azken aukera.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak