Aspaldi ikusi gabeko erakustaldia eman du Jonas Vingegaardek. Tadej Pogacarrek 2020an Le Planche de Belles Fillesen bukatu zen erlojupekoan eman zuenaren parekoa. Orduan ezustean poltsikoratu zuen Tourra Pogacarrek, eta gaur inork gutxik espero zuen aurrerapausoa eman du danimarkarrak bere bigarren Tourra irabazteko, errenkadan.
Jumbok UAEk eta Pogacarrek 2020an eta 2021ean eman zizkion muturrekoak bueltatu dizkio kolpe batean, egun bakarrean
Jakina zen bien indarrak oso parean zeudela, eta balantza baten edo bestearen alde segundo gutxitan neurtzea espero zen. Aurreikuspen okerrak, 1,38 kendu diolako liderrak Pogacarri. Bilakaera sekulakoa izan da: 16 segundo 7. kilometroan, 31 segundo 18.ean, eta 1,38 minutu bukaeran, mendatea bukatuta. Jumbok UAEk eta Pogacarrek 2020an eta 2021ean eman zizkion muturrekoak bueltatu dizkio kolpe batean, egun bakarrean.
Hasieratik ikusi da Vingegaard eta Pogacar sutan zihoazela: bihurguneetan arriskatuz, pedalkada biribilarekin ordekan eta maldan gora... Kronometroak, baina, ez du gezurrik esan, eta danimarkarraren alde desorekatu du balantza azkar. Vingegaardek handia egin du, akaso Miguel Indurain handiaren garaitik ikusten ez zen erakustaldia, baina aspalditik da jakina ziklista bikaina dela. Alpeetako biharko etapa eta Vosgues mendialdekoa falta zaizkio berriro Eliseo Zelaietako podiumeko koska gorenera iristeko. UAEk ez du amorerik emango, baina Vingegaard eta Jumbo oso indartsu daude.
Bi apunte podiumari buruz, oso lehia estua utzi baitu kronometroak Adam Yates eta Carlos Rodriguezen artean. Britainiarrak bost segundoko errenta txikia dauka orain. Pello Bilbaori buruz ere bi hitz, erlojupeko bikaina egin baitu Foruko txirrindulariak. Laugarren etapan, eta zazpigarren nagusian. Pello zazpigarren da nagusian, eta bi minutu baino gutxiagora dauka Top 5a.
Bihar Alpeetako azken etapa korrituko da: Saint Gervais Mont Blanc-Courchevel. 165,7 kilometro eta 5.400 metroko desnibel metatua. Tourreko gogorrena. Col de la Loze, mailaz kanpokoa, helmugatik gertu: 28,4 kilometroko mendatea, eta azken bostetan %9,6ko batez bestekoa. Gailurrean, gainera, 2.304 metro. Ikuskizun handia espero da, Vingegaardek gaur eman duen kolpea ia behin-betikoa bada ere.