Antzerkia, tentsioa, adrenalina... Azken aste zirraragarria biziko du Tourrak

Erabiltzailearen aurpegia Andoni Urbistondo 2023ko uzt. 17a, 19:35

Lider segitzen du Jonas Vingegaard-ek, 10 segundoko errentarekin, baina astebete atzera baino hobexeago dago; indarrez Pogacarren pare, baina buruz indartsuago, esloveniarrari gurpila erakutsi baitio Alpeetan.

Aste ikaragarria, Tourrean atzo bukatu zena. Gerra psikologiko latza Vingegaard eta Pogacar-en artean. Kasparov eta Karpov-en arteko xake partida ikaragarria, thriller baten osagai guztiekin: tentsioa, antzerkia, zehar begiratuak, adrenalina, testosterona erakustaldiak indartsuago nor dagoen erakusteko... Joux-Plane eta Saint Gervais-ko bukaerak suspentsez beteta egon dira, baina ezin dugu ahaztu Erdialdeko Mendiguneak utzi diguna: Euskal Herriko bi ziklista handien garaipenak!!! Pello Bilbaorena Issoire-en, eta Ion Izagirrerena Belleville-en-Beaujolais-en. Tourra Euskal Herritik abiatu den urtean, gure herri txikia nazioarteko erakusleihoan kokatzen duten garaipen itzelak.

Segundotan apenas egon den aldaketarik. Segundo bakarra, liderraren alde, eta gainsariei esker lortutakoa, Joux-Plane mendateko pankartapean. Segundo bakar horrek, ordea, asko esan nahi du. Besteak beste, Vingegaard-ek Pogacar-i segundoak lapurtu zizkiola aurrez aurre, berea ez zen terrenoan. Atzoko etapa bukaera pikoan ere Pogacar nahi eta ezin aritu zen, eta Vingegaard izango da azkena abiatzen erabakigarria izan bide den biharko erlojupekoan, erreferentzi guztien jabe.Alpeetako etapek zeresana eman dute. Taktika zurrunak, begiratu zorrotzak, testosterona bor-bor Pogacar eta Vingegaard-en hanka zuztarretan barrena... Kronometroak ez du epairik eman, momentuz, baina gaitasun fisikoak eman du bere epaia: biak ala biak oso paretsu daude indarrez, eta elkarren aurkakoak batak bestea atzeratu ezin duenez, erlojupekoan jakingo da nor dagoen indartsuago. Erlojupeko berezia da biharkoa, kronoigoera baten antza handia daukana. Borroka mentalean aurrerapausoa eman du liderrak. Vingegaard-ek eutsi egin dio Pogacar-i bere terrenoan, gainsariak lapurtu, eta atzoko etapako azken metroetan ere gurpila erakutsi nahi izan zion Pogacar-i, 'hemen nago eta ez nauzu atzean utziko' esan, aurpegira. Horrek, dudarik ez, eragina izan dezake Pogacar-en konfiantzan. Pogacar eta UAE Vingegaard urduritzen, xaxatzen saiatu ziren Pogacar-ek Adam Yates-i buruan bidea bakarrik egin zezan utzi zionean. Larri zihoala esan nahi izan zion Vingegaard-i, baina danimarkarra ez zen zepoan erori. Pogacar-en antzerki keinuak ez dira berriak... 2021ean Mont-Ventoux-en gora ere egin zituen pare bat...

Zer geratzen zaigu, bada, azken aste honetan? Hiru etapa erabakigarri, eta beste hirurak, lasaiagoak. Biharko bakarkako lanak 23 kilometro eskas ditu, baina horietatik ia erdiak gorantz. Tarteka %10eko pendizarekin, gainera. Bi oilarrak 20-30 segundoko bueltan ibiliko dira, gauzak normal, baina noren alde izan, erabakigarria izango da. Asteazkenean Alpeetako etapa handia dago, Col de la Loze bukaezin eta garaiarekin (28 kilometro luze, eta 2.304 metroko garaiera), eta larunbatean, Vosgues mendialdean, azken balak, etapa motz baina ezin bihurriagoan.

Alea jacta est... laster!!!

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak