Aginte makila kolokan

Erabiltzailearen aurpegia Andoni Urbistondo 2023ko uzt. 16a, 23:30

Pogacar eta Vingegaard helmugan batera sartzen.

Pogacar Vingegaard atzeratzen saiatu da helmugatik gertu berriro, baina ez du lortu, eta karta partidaren norabidea aldatzen hasi dela sumatzen da; lider dela osatuko du etziko kronoa danimarkarrak, datu garrantzitsua. 

Xake partidak, estrategiak, beste atal bat bete du gaur Mont-Blanc erraldoiaren magalean, baina gaurko jokoak gauzatxoak argitu ditu. Eta garrantzitsuena: Pogacar-ek Vingegaard askatzeko indarra, kemena, gaitasuna galdu duela. Ez zen gai izan atzo, Joux-Plane mendatean, eta ez da gai izan gaur, Saint Gervais Mont Blanc-en, Adam Yates-ek eta UAE taldeak terrenoa ezin hobe prestatu badiote ere. Morroiak morroi, ordea, liderrak aurkaria atzeratu ezin badu, alferrikakoa da taldekideen lana. 15. etapako ondorio nagusia, horixe: Pogacar-ek ezin izan du Vingegaard askatu.

Liderrak konfiantza dosiak irabazten jarraitzen du, eta Pogacarrek galtzen. Le Cambasque-en, Puy de Dome-en eta Grand Colombiere-en irabazitakoak Joux-Plane-ek eta gaurko bukaerak irentsi ditu, eta Vingegaard-ek aspalditik nahi zuena lortuko du: etziko erlojupekoan azkena abiatu eta Pogacar-en erreferentziak izatea. Datu garrantzitsua da, erabakigarria akaso, Tourraren garailea nor izango den erabakitzeko orduan.

Vingegaard-ek Pogacar zertxobait atzeratzeko aukera bikaina pasatzen utzi duela pentsatzen duenik ere bada, baina Pogacar abila da despiste taktikak jokatzen. Adam Yates-i tiratzeko agindu ostean atzean geratu da nahita, Vingegaard-ek zer egin, baina liderrak ez du amurik irentsi. Kilometro bat geroago, eta espero bezala, Pogacar-ek bi eraso bortitz jo ditu, baina bikain erantzun dio Jumbo Visma taldekoak. Azken 100 metroetan Pogacarren pare jarri da Vingegaard, esloveniarrari 'hemen nago' esateko.

Etapari dagokionez, eta espero bezala, ihesaldiak arrakasta eduki du. Jumbo Vismak gainsaririk ez oparitzea erabaki du, Pogacar helmuga pikoetan Vingegaard baino indartsuagoa dela jakinda, eta 35 laguneko ihesaldia osatu da. Wouter Poels, Van Aert eta Marc Soler izan dira indartsuenak, eta hiru horien artean, Bahreingoak eraman du sari potoloa poltsikora.

Bihar bigarren atseden eguna, eta bigarren balantzea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak