Berdinketa

Erabiltzailearen aurpegia Andoni Urbistondo 2023ko uzt. 15a, 20:17

Etapa ikusgarria eta lehiatua eskaini dute Vingegaard-ek eta Pogacar-ek, baina segundo bakarreko errentarekin erabaki da; hori bai, liderraren alde, Joux Plane-eko gainsarien esprintean danimarkarra nagusitu baita; Carlos Rodriguez espainiarrak irabazi du Morzine-en

Xake partidak xake-matetik urrun segitzen du. Berdinketa teknikoa utzi du Joux-Plane mendate gogorrak, eta zalantzak, ziurgabetasunak, indarrean jarraituko du biharko egunez. Hori gutxienez, litekeena baita astearte edo asteazkenera arte luzatzea. Izan ere, berdinketa erabatekoa da Vingegaard liderra eta Pogacarren artean. Egia da danimarkarrak tortillari buelta eman diola apur bat. Pogacar-i bere terrenoan irabaz diezaiokeela erakutsiz, baina esloveniarrak garesti salduko du bere porrota, saltzen badu. Buruz buru puntuak irabazi ditu Vingegaard-ek, baina talde mailan, Jumbo gaur galtzaile izan da, etapa osoan lana egin eta eraman duen uzta eskasa izan baita. Are gehiago, Vingegaard-en iragarritako erasorik ez da gertatu, eta gorriak ikusi ditu Pogacarren erasoa ezerezean uzteko.

Pogacar bera izan delako erasoa jo duen bakarra. Kuss oso garaiz geratu da bakarrik, eta Adam Yates-ek aise utzi du jokoz kanpo estatubatuarra, buruan jarrita. Joux-Plane gainetik 3.5era jo du erasoa Pogacarrek. Vingegaard askatu du, baina liderrak berean segi du, 3-5 segundoko tartera. Taktikoki aparta izan da une hori, sokatira dema nork irabazi. Eta Vingegaard-ek irabazi du, Pogacar-ekin bat egin duelako, esloveniarrak bete samar zirudiela. Vingegaard Pogacar-en gurpilean geratu da, pankartapeko esprintaren zain, eta Pogacar-ek hanka batekin irabazi behar zuela zirudienean, ttak, liderrak irabazi du, gainsariak poltsikoratuz. Haserretu egin da Pogacar, eta zauritutako basurdearen pare erantzun. Egoskor, Carlos Rodriguez atzetik zetorrela jabetu ere ez da egin, eta ihes egiten utzi dio jaitsieran espainiarrari. hark etapa irabaziz.

Vingegaard pozik zen Rodriguez aurretik zihoala, gainsari uzta apalagoa, zelakobi oilarren arteko jokoan. Helmugako esprinta irabazi beharra zeukan bai edo bai Pogacarrek, eta hala egin du, Joux-Planen galdutakoak berreskuratuz ia: segundo bat gutxiago. Pogacar 10 segundora dago orain nagusian, eta bihar berriro gainsariak poltsikoratzen saiatuko da, bestela Vingegaard atzeratzeko komeriak dituela agerikoa baita. Biharkoa ere etapa gogorra da, Mont-Blanc mendate puskaren ingurumarian. 180 kilometro, 3.800 metroko desnibel metatua,. eta menuan bost mendate: lehen mailako hiru, bigarren mailako bat eta hirugarren mailako beste bat. Helmuga 10 kilometroko mendate gogorrean dago: 10 km. eta %8ko batez bestekoa.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak