Grand Colombiere mendatetzarrak gauza batzuk argitzea espero bazen, kale. Zain segitu beharko dugu, Pogacarrek Vingegaard-i zortzi segundo atera badizkio ere ez baita oso argi geratu zein zen UAE taldearen taktika gaur. Izan ere, lan handia egin dute etapa osoan Pogacarren morroiek. 20 laguneko ihesaldiak minutu zakua lortu ez zezan, aurrena, baina Laengen eta Bjerg-i lau minutura egin die ihes ehiztari taldeak. Azken mendatean ere tropela gidatu dute Matxinen mutilek, baina oso kostata kendu diote denbora ordurako lasterketa buruan zen Michal Kwiatkowskiri. Hainbesterako, etapa garaipena eta gainsari potoloena ezinezkoa izango zela jabetu direla azkar.
UAEk, gainera, Adam Yates erabili du amu moduan Vingegaard xaxatzeko. Sepp Kuss atera da bere bila, eta ondoren Pogacar eta Vingegaard liderra bera. Pogacarrek 400 metrora jo du eraso bortitza, eta kostata izan bada ere, liderra askatu du. Zirimola baten pare, watioak mugitu eta mugitu, lau segundo jan dizkio liderrari eta hirugarren postuan helmugaratu denez, gainsariekin beste lau segundo. 9 segundora dago orain Pogacar, eta asteburuko bi etapak benetan interesgarriak datozkigu... Pogacar-ek berreskuratuko al du lidergoa? Vingegaard Marie Blanque-en eman zuen erakustaldia ematen saiatuko da berriro?
Bi hitz Michal Kwatkowskirentzat. Garaipenez antzu dabil aspaldi poloniarra, INEOS taldeko talde buruentzat lanean, baina klasea oparitzeko lain dauka. Ihesaldi onean sartu da, eta bere martxan ekin dio Grand Colombiere gaiztoari, igoerako bosgarren kilometrotik aurrera buruan zihoazen Van Gils, Tejada eta beste harrapatu, erasoa jo eta mendateko azken 12 kilometroak bakarrik eginda. Garaipen dotorea benetan!!
Biharkoa etapa erabakigarria izan bide da: Annemasse-Morzine, 152 kilometro eta zerra baten pareko profila!!! 4.000 metroko desnibel metatua du, eta bost mendate: hirugarren mailako bat, eguneko lehena ihesaldia osatzeko, lehen mailako hiru, bata bestearen atzetik (Cou, Feu eta Ramaz), eta maila bereziko Joux-Plane ezaguna. Tourreko historia orri asko dira idatzi dira Joux-Plane-en, bai gorantz, baita beherantz ere. 11.6 kilometro da luze Joux-Plane, eta %8.5eko batez besteko pendiza du, azken bostak %9tik gora segidan.