Egunero ezin da kabiarra jan...

Erabiltzailearen aurpegia Andoni Urbistondo 2023ko uzt. 12a, 18:14

Jasper Philippsen-ek bere laugarren etapa irabazi du Moulins-en, etapa zozoan; biharkoan astearteko ikuskizun ederra errepika daiteke, terrenoa aproposa baita horretarako.

Siesta ederra botako zenuten askok Tourreko etapa aspergarria ikusten... Normala, egunero ezin baita kabiarra jan! Atzoko etapa ikusgarriari etapa zozoak eman dio segida, baina aurreikusteko modukoa zen: zailtasun orografiko gutxi, nekea, eta esprinterren taldeak akaso Parisera iritsi aurretik izan dezaketen azken aukera probesteko nahia. Hiru laguneko ihesaldia osatu da etapa hasi eta berehala, baina Louvel, Amador eta Daniel Oss-en ahalegina oharkabean ito da. Oss suitzarrak iraun du gehien, helmugatik 13 kilometrora harrapatu baitute. Tropelak nahi izan duen arte.

Oilarrek, eta tropel ia osoak indarrak gorde dituzte datorrenari begira. Esprinterren taldeek egin dute jazarpen lana, eta azken 10 kilometroetan, bideratzaileek piztu dute sua. Trumoi euriak itzali duen sua, etapa hondarrean zaparrada potoko batzuk bota baititu Tourra ibili den parajeetan. Esprintean laugarren etapa garaipena lortu du Jasper Philippsen.ek, Groenewegen eta Bauhaus-en aurretik. Gaurkoan, gainera, Mathieu Van Der Poel-en bideratzaile laguntzarik gabe lortu du Alpecin taldekoak. Esprinter indartsuena da, eta askogatik.

Bihar 12. etapa osatuko du tropelak, eta belarriak tente izanen dituzte etapa ehiztari guztiek martzan hasi aurretik. Astearteko etaparen antzekoa baita biharkoa ere. 3.000 metroko desnibel metatua, eta atsedenik apenas ez Roanne eta Belleville-en-Beaujolais herrien artean (168.8 kilometro). Hirugarren mailako hiru mendate eta bigarren mailako beste bi dituzte bidean, azken biak zailenak. Azkena, Col de la Croix Rosier helmugatik 27 kilometrora bakarrik dago, eta mina egingo du: 5.3 kilometro eta %7.6ko batez bestekoa. Pankartapean, gainera, gainsariak egongo dira jokoan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak