Puy de Dome-ek katramila, korapiloa gehiago argitzea espero zen, baina ez da hala izan. Pogacarrek beste zortzi segundo jan dizkio Vingegaard-i, beste koska bat jan danimarkarraren fedeari, kemenari, baina sumendiko konbatea nuloa izan dela esan genezake. Besteak beste ez delako lider aldaketarik egon. 17 segundogatik Vingegaard-ek jarraitzen du lider, eta galdera guztiak, edo gehienak, argitu gabe segitzen dute. Eta segituko dute, Alpeetan sartu arte behintzat, asteburuan.
Diferentzia handiagoak espero ziren. Mendate itzela da Puy de Dome, gaur Frantzia erdialdean egiten zuen bero saparen adinakoa, ia-ia. Egia da aurretik oilarrak zigortzeko terrenorik ez zegoela apenas, bete-betean iritsi direla sumendira, eta ihesaldiari etapa garaipena oparitu ostean, gainera. Jumbok ez duelako ihesaldia zapuztu nahi izan gertatu dena gerta zitekeela susmatuta: Pogacar Vingegaard zigortzen saiatuko zela. 14 laguneko ihesaldia osatu da eta 16 minutuko zuloa eduki dute helmugatik 20 kilometrora. Mila muturreko egon dira euren artean, baina azkenean Michael Rusty Woods izan da indartsuena, atzetik aurrera egin eta helmugatik 300 metrora Matteo Jorgenson harrapatuta.
Tropelean Jumbok estutu du erritmoa Puy de Dome hasieran, baina Sepp Kuss-ek ez zeukan egun ona gaur. Ez du beste egunetan adina minik egin, eta alde batera egin duenean, Vingegaard-ek ez du erasorik jo. Adam Yates izan da oilategia berotu duena, eta haren atzetik abiatu da Pogacar. Kilometro eta erdi falta zen gailurrerako. Vingegaard askatu du, baina liderrak bere bidea egin du, bere martxan, Pogacarren gurpila harrapatzen itsutu gabe, eta 8-10 segundora mantendu da uneoro. Helmugan zortzi segundo, eta sailkapen nagusian 17 danimarkarraren alde.
Bihar atseden eguna izanen dute, eta hurrengo astean, hiru etapa bihurri Erdialdeko Mendikatean, minutu asko lortzeko baimena izango duten ihesaldiekin, eta ostiraletik igandera hiru bukaera mendian, hurrenez hurren: Grand Colombiere, Jura-n, ostiralean, eta Alpeetan Morzine-Avoriaz larunbatean Joux-Plane igo ondoren, eta Saint-Gervais Mont-Blanc igandean. Eta dena erabakitzeko!!!