Ardi larruz jantzitako otsoak

Erabiltzailearen aurpegia Andoni Urbistondo 2023ko uzt. 2a, 18:45

Txirrindulariak Arrasate zeharkatzen.

Victor Lafayk ezustean harrapatu ditu faboritoak eta etapa bikaina irabazi Zurriolan; Pogacar eta Vingegaard nahieran ari dira.

Van Aert-ek nahi zuen etapa, eta Jumbo Vismak bere baliabide guztiak jarri dizkio eskura, baina ez da nahikoa izan. Eta ez da izan Van Aert oso ona izanda ere ezin duelako kornerra atera eta errematatu. Alegia, ezin du tropela gidatu, eraso guztietara irten, esprintari ekin eta irabazi. Jumboren estrategia akatsa, edo ezina baliatu du Lafayk etapa irabazteko, eta kontuz Cofidis taldeko lyondar gaztearekin, gatz handia baitu.

Gasteizen hasi eta berehala ernatu da eguneko ihesaldia. Powless, Cavagna eta Boasson Hagen zaldiek egin dute zuloa, eta ez nolanahikoa. Bost minutuko errenta lortu dute, eta UAE tematu delako harrapatu dute hiruretan indartsuena, Powless amerikar natiboa, Jaizkibelen gora jada.

Jaizkibelen gora sua sortu da. Majkak eta Solerrek jarrii dute dantzan tropela. Asko bakandu du onenen multzoa, baina ez da erasorik egon, gailurrean gainsariak zeudelako. Vingegaard-ek Pogacar estutu nahi izan du, baina esloveniarra gehiago da, momentuz, esprint motzetan, eta beste hiru segundo jan dizkio danimarkarrari.

Lezora bidean Pello Bilbaok jarri du dantzan euskaldunon bihotza,  jaitsiera ikaragarria eginda. Van Aert bera utzi du atzean, baina Van Aert-en morroiek ito dute gernikarraren ametsa, Pasai Antxon. Azken kilometroan Lafayk jo du eta garaipena zakura. Van Aert bigarren eta Pogi hirugarren, beste lau segundo honek ere diru zorrora. 7 gaur, 11 denera bi egunetan.

Bihar hirugarren etapa, Zornotzan hasi, Baionan bukatu, lehen esprint handia, gauzak normal.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak