Aldapa motzak, Tourra hankamotz

Erabiltzailearen aurpegia Andoni Urbistondo 2023ko uzt. 2a, 09:34

(Argazkia: hiruka.eus)

Pike pikoan gora Pogacar Vingegaard hausten saiatu da, baina ez du lortu; Yates anaiak bi oilarren arteko deman murgildu dira, haien baimenik gabe, eta Adam-ek lortu du etapa eta lidergoa.

Tourreko inoizko etapa hasiera menditsuenak 150 kilometro aspergarri eta 32 bikain eduki ditu. Ihesaldia etapa hasi eta berehala gorpuztu da Enekuriko maldetan. Arrakastarik eduki ezin zuen boskotea. Tropela Morgan gora hasi da egurrean, Ganguren-en hortzak estutzen, eta Piken oilarrak kukurrukuka. Gangurenen behera, ordea, Tourra hankamotz geratu da, podiuma lortzeko hautagai bi jausi, eta erorikoaren ostean proba utzi behar izan baitute Enric Mas eta Richard Carapazek. Kolpe benetan gogorra Movistar eta Education First taldeentzat.

Pogacar-ek estutu nahi izan du Vingegaard, baina ez du lortu. Itxuraz, erdi jolasean aritu dira bi oilarrak, aise bata bestearen erritmoa jarraituz. Cofidis-eko Lafayk eta Yates anaiek segitu diete arrastoa bi handiei, eta haien arteko zaintza baliatu hanka egiteko: Simon eta Adam, Adam eta Simon. 10-12 segundoko errenta txikia, baina Jumbo Visma bi britainiarrak harrapatzeko gogo handirik gabe, Etxebarria parkeko helmugan Pogacarrek gainsariak lortuko zituela jakitun. Hala izan da, eta Adam eta Simon-en artean erabaki da garaipena. Pogacar-en taldekidearentzat izan da garaipena eta horia, Vingegaard eta Jumbo Visma urduritzeko beste osagai bat.

Dozena bat lagun baino ez dira sartu Vingegaard eta Pogacar-ekin batera. Han ziren Landa, Lafay, Hindley, Pinot eta Gaudu, Skielmose edo Carlos Rodriguez. 21 segundo gehiago behar izan dituzte Bardetek, Bernalek edo Pello Bilbaok. Gernikarra olatuaren aparrean ibili da etapa guztian, batez ere Gernika bere herria zeharkatu duenean, baina ez du sentsazio on-onik eduki.

Bihar bigarren etapa: Gasteiz-Donostia, Tour guztiko luzeena: 208 kilometro eta hamaika aldapa. Oso aproposa da ihesaldia arrakastatsua izateko, Jaizkibel helmugatik 20 kilometrora jarri izanak esprinterren taldeen asmoak zapuzten baititu. 40-60 laguneko taldea heldu liteke Zurriolara, ihesaldiak arrakastarik ez badu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak