Egon hadi lo eta jango dek mehe

Etapa ehiztari trebeek iskin egin diote tropelaren aginteari, eta helmugara iritsi; Magnus Cort Nielsen Alaskako tranpalaria nagusitu da Viareggion.

Infernuaren atarian ibili da gaur tropela Italiako Lucca eskualde aldean: euria goian-behean, 3 graduko tenperatura hotza eta lainoa eta haize bolada indartsuak Passo delle Radici gainean, errepide putzutua... Etapa bertan behera geratzeko arriskua egon da, eguraldi baldintzak benetan kaskarrak zirelako, baina abiatu badira, abiatu dira, lehen 40 kilometroak erotzeko modukoak izan baitira. Ihesaldi ahalegin piloa, etapa ehiztari asko konforme ez, eta tropelean, Geraint Thomas liderraren INEOS pake pixka bat jarri ezinean.

Ziklista indartsuak egingo zuten aurrera, egitekotan, eta hala gertatu da: De Marchi eta Derek Gee, aurrena, eta Magnus Cort Nielsen eta Davide Bais ondoren. Laurak elkartu dira aurrean, baina Bais atzean geratu da mendiko puntuak batu ostean. Tropelean tentsioa handia izan da, eta erorketa eta eten asko egon dira jaitsiera arriskutsuan. Bailarara bueltatuta, 50-60 laguneko tropela bakarrik osatu da ihesaldiaren atzetik, eta aurreko hirukotea 2.30eko errentarekin.

Astanak egin du lana, Cavendish-entzat, Trek-ek Pedersen-entzat, Bahrein-ek Milanentzat, eta DSM-ek Daineserentzat. Oso kostata kendu diete aldea aurreko hirurei, gatza handiko txirrindulariak direlako, eta garesti saldu dute euren porrota. Hainbesteraino, ez dituztela harrapatu, azken 15 kilometroak minutuz azpiko errenta txikiarekin eginda ere. Magnus Cort zen hiruretan azkarrena, eta aurreikuspenak bete ditu etapa dotorea irabazteko.

Bihar 11. etapa korrituko da, Camaiore-Tortona, Giroko luzeena, 219 kilometrokoa. Hiru mendatetxo ditu bidean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak