Remcok kale egin du. Erlojupekoa irabazi eta kale egin duela esatea askotxo esatea da, baina aukera ezin hobea zeukan pit bull-ak mahai gainean kolpea eman, 'hemen nago' esan eta aurkariei bera atzeratzeko lan handia egin beharko dutela ohartarazteko. Baina ez du asmatu. Ikusgarri hasi da, 13. kilometroko lehen erreferentzi puntuan Roglici 31 segundo kenduz. Bigarren erreferentzi puntua zen gakoa, eta hor berehala ikusi da Remco bete egin dela eta hustu antzean iritsi dela erlojupekoko bigarren zatira. Parean izan ditu INEOSko Tao eta Geraint Thomas, eta 16ra Roglic. Halatsu izan dira denborak helmugan ere, eta Giroko hurrengo bi asteak ikusgarriak izateko osagai guztiak ditu
Arreta bereziki INEOS taldeari, Geraint Thomas eta Tao Geoghegan Hart baititu bikain jokatuta. Thymen Arensman kidea ere ez dago urruti. Eta erne beste blokeei ere, UAEk Almeida eta Jay Vine dituelako, Borak Kamna eta Vlasov, eta Bahreinek Caruso eta Buitrago. Remcok, aldiz, zer pentsatua izango du biharko atseden egunean, zer hobetu asko baitu pit bull txikiak. Gatza asteartean itzuliko da, 10. etaparekin.