Txirrindularitza galtzaile gaur. Asko espero zen, etapa menditsua, Gran Sasso d'Italiako paraje dotoreak, Apeninoetako tontor garaiena, 2.912 metrorekin, ibilbide luzea, gogorra... Ba ezer ez. Maiuskulaz hobe, argiago irakurtzeko: EZER EZ. Eskerrak paisajeek beti gozarazten gaituztela, tropeleko onenen mugimenduen zain bageunden gosez hilko baikinen. Zaila da azalpen sinesgarri bat ematea, oilarren jarrera azaltzeko. Ez baitu azalpenik. Mugimendu bakar bat ere ez. Inork. Zergatik, bada?
Azken egunetako etapak gogorrak izan direlako, akaso. Edo eguraldia txarra izan delako eta gorputz zigortuei atsedentxoa eman nahi zietelako. Edo etzi Giroko etapa erabakigarrienetakoa dagoelako, 35 ki,ometroko bakarkako erlojupekoa... Zaleak aseko dituen argudiorik ez dago, eta kitto. Etapa dezepzio itzela izan da, aspergarria, eta horrek txirrindularitza bera kaltetzen du. Campo Imperatore ailegaerak daukan historiarekin, halako ikuskizun zozoa eskaintzea ulertezina da begiratzen zaion begiekin begiratuta ere.
Baldintza horietan, etapa bera, gainsariak, prestigioa, aurkarien arteko buruz buruko dema... dena joan da pikutara. Laukote baten ihesaldiak mantendu behar izan gaitu telebistara lotuta, nahikoa ezezagunak diren ziklistak: Pettili, Davide Bais eta Karel Vacek hirukoak egin du aurrera, eta euren harridurarako, 12 minutuko zuloa lortzen utzi die tropelak, Leknessund liderraren DSM tiratzen ari zela. Campo Imperatore 43 kilometro zen luze, baina inor ez da saiatu tropela txikitzen, garbitzen, eta 30 lagun iritsi dira helmugara, azken urteetako ikuskizun itsusienetakoa eskaintzeko.
Hirukotean Pettilik zirudien indartsuena, eta berak jo du bizpahiru aldiz. Kosta zaio Bais-i eusten, eta Vacek kontrakarrean zihoan, nahi eta ezin. Bais-ek, baina, bere abiadura erakutsi du puntuak banatzen zituzten aurreko mendateetan, eta Pettiliri azken unera arte eutsiz garaipen handia lortu du. Berarentzat eta Eolo-Kometa taldearentzat. Bihar zortzigarren etapa: Termi-Fossombrone, 205 kilometro eta 2.800 metroko desnibel metatua. Erne etapa bukaerari, laugarren mailako bi mendate, eta bigarren mailako beste bat azken 50 kilometroetan. Azken kaskoa helmugatik sei kilometrora dago.