Opariak hartzeko dira!

Ihesaldian erabaki da laugarren etapako garaipena, eta Aurelien Paret-Peintre frantziarra nagusitu da Lago Lacenon; Leknessund norvegiarra jarri da lider, Evenepoel liderrak ez baitu taldea erre nahi izan maglia arrosa mantentzeko.

Ehiztarien festa hasi da, eta batek jakin noiz bukatuko den. Lago Lacenon bukatu den etapak ibilbide bihurria zeukan, bigarren mailako hiru mendate, eta horrek eraso festa eragin du etapa hasieran., Eta ez nolanahikoa, ia 90 kilometro behar izan baitira aurrera egin duena gorpuzteko. Ghebreigzabhier, Leknessund, Aurelien Paret-Peintre, Conci, Albanese, Skujins eta Warren Barguil, zaldi onek osatutako taldea.

Bidea egin dute, Remco Evenepoel-en Lotto Soudal taldeak ez duelako taldea lehertu nahi izan maglia arrosa kosta ahala kosta mantentzeko. Ia sei minutuko tartea utzi dio zazpikoteari, eta Leknessund txaloak jotzen joan da lasterketa buruan maglia arrosa jantziko zuela jakitun. Colle Mollellan erabaki da zazpi abentura zaleen arteko dema, eta Paret-Peintre frantziarra nagusitu da Leknessund esprintean menderatuta. Ag2rkoak etapa eraman du, norvegiarrak maglia arrosa, eta biak kontent.

Tropelean beste lasterketa bat jokatu da, oilarren artekoa, Mollellak hiru kilometroko zati tentea daukalako. Ez da ezer pasa, INEOS-ek erritmoa estutu badu ere. Izan ere, ez du zehar kalterik eragin onenen artean. Bihar bosgarren etapa jokatuko da, Atripalda-Salerno: 171 kilometro eta 2.400 metroko desnibel metatua. Azken herena laua da, baina lehen biak bihurri samarrak, hirugarren mailako bi mendaterekin, baina puntuagarri izango ez diren hainbat aldapekin. Ihesaldia? Volata? Uso pasa hasi da, eta ehiztariak lotuta mantentzea ez da erraza.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak