Canberrako koala esnatu da lozorrotik!

Erabiltzailearen aurpegia Andoni Urbistondo 2023ko mai. 8a, 19:02

Michael Matthews-ek irabazi du hirugarren etapa, Jayco Alula taldearen lan bikaina baliatuz; bi mendate txikik eta errepide bustiak nabarmen zaildu dute etapa bukaera.

Siesta latza botatzeko modukoa izan da Giroko hirugarren etapa: 216 kilometro, ihesaldi zozo bat, eta zer ikusi gutxi etapako azken 40 kilometroetan sartu arte. Orduan ikusi dena, ordea, asko izan da, eta horregatik, etapa interesgarria izan da. Corratech taldeko bi abentura zale ihesean: Stojnic eta Konyxev, baina semea, Dimitri ezagunarena. Bik bakarrik jai zuten, eta hala izan da, nahieran harrapatu baititu tropelak lehen mendateko maldetan.

Han Jayco eta Trek hasi dira tiratzen, esprinter petoak atzeratzeko, eta ia denak atzeratu dituzte. Baita esprinterrak ez direnak ere. Jendea miseriak pasatzen hasi da Giroa hasi eta berehala, eta 60 lagun eskas iritsi dira helmugara talde nagusian. Jayco taldeko Filippo Zannak eraman du tropela bi mendateetan, gatz handi samarrarekin. Trek-eko Mads Pedersen bera atzeratzea lortu dute, baina danimarkarra talde nagusira itzuli da, taldekideek lagunduta. Helmugan, baina, ezin izan du Matthews aussie-a aurreratu, eta denboraldiko lehen garaipena lortu du Canberrakoak, orain arte lozorroan egon den koalak.

Almeida erori egin da, baina etapa galerarik gabe libratu du. McNultyk eta Pippo Gannak, ordea, ezin izan dute onenen erritmoa jarraitu, eta Top 10ean zuten pribilegiozko postua galdu dute etapa bukaeran. Biharkoan gaurkoan baino alde handiagoak egotea espero da. Venosa eta Lago Laceno elkartuko ditu laugarren saioak, 175 km. eta 3.500 metroko desnibel metatua. Bidean bigarren mailako hiru mendate, eta denetan azkena, Colle Molella, helmugatik hiru kilometro eskasera. Mollellak 10 kilometro ditu ia, eta %6.2ko batez bestekoa. Gailurretik gertu, ordea, bi kilometro pasatxo ditu %10.6ko batez besteko maldekin. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak