Amorratuta ospatu du Sergio Higuita txikiak Amorebietan lortu duen garaipena. Hika Txakolindegian gora ere berea izango zen garaipena, akaso, eraso bortitza jo zuelako, aurkariak baino askoz ere biziago. Tropelaren aurretik zihoan Juanpe Lopez-ek, baina, maniobra arraroa egin zuen, eta hainbatek hanka zoruan jarri behar izan zuten. Higuita horietako bat. Gaur, etapa irabazita, aitortu du arantza sartua zeukala, eta garaipen gosez zegoela, ibilbideko muino amaigabeetan lehertuko zela pentsatzen bazuen ere.
Ibilbidea gogaikarria, nekagarria izan baita: aldapari aldapa, muinoari muino, bihurguneak etengabe, arnasa hartzeko aukerarik ez... Baina oilarren artean bakea. Bake taktikoa, esan genezake, biharko etapak errespetu handia sortzen duelako. Enric Mas bakarrik saiatu da oilarrak estutzen, baina Vingegaard liderrak hanka batekin eutsi dio. Danimarkarra oso indartsu dago, Attila Vallter morroia ere bai, eta hari jertse horia kendukjo dion ziklista ez dugu ikusi, oraindik, Itzulian.
Soudal taldeko Cavagna eta Cattaneo izan dira protagonistak. Biko ihesaldia osatu dute, eta Jumbo estutu apur bat, Cattaneo minutu batera zegoelako nagusian. Jayco Alula taldeak ere lana egin du ihesaldia harrapatzeko, eta helmugatik 20 kilometrora harrapatu dute Cattaneo. Ondoren Zornotza inguruko muinoak etorri dira, tentsioa, eta borroka. 17 laguneko talde bat buruan, eta sailkapen nagusiko lehen hamarrak talde horretan. Parekotasuna handia da, eta segundo gutxi batzutan erabakiko da podiuma.
Bihar etapa nagusia korrituko da, Arrateko bukaera gabe, baina oso gogorra. 4.000 metroko desnibela, 137 kilometroan. Lehen mailako hiru mendate gogor: Azurki, Krabelin eta Izua, bigarren mailako Gorla eta Trabakua, eta hirugarren mailako Urkaregi bukatzeko. Seigarren eguna jarraian, eta seigarren eguna egur batean. Interes asko ihesaldi ona harrapatzeko, eta itxuraz, podiumeko lehen bi koskak erabakita, Vingegaard eta Landarekin. Hirugarren posturako, baina, zortzi txirrindulari daude 9 segundoko tartean. Etapa ederra espero da.