Faboritoa zen, eta aurreikuspenak bete ditu. Jonas Vingegaard-ek irabazi du Hika Txakolindegiko malkarrean, eta maillot horia jantzi. Ikuskizun hurrengo hiru etapetan zer gertatuko den, baina Jumbo-Visma taldeko danimarkarra bere aldaretik jaistea ez da batere erraza izango. Nagusitasun ikaragarririk erakutsi gabe ere, indartsuena delako, eta alboan daukan taldea garaiezina. Attila Valter hungariarrak sekulako lana egin du bere liderraren mesedean, eta Valter-en moduko morroiekin, Vingegaard zigortzea aski zaila da.
Bikaina izan da Hika-ko azken aldapa, ez hainbeste aurrekoak. Ziur aski Hika-ko aldaparen erruz, jendea haren beldur zelako, eta ez dutelako lehenago mugitzeko ausardiarik eduki. Terrenoa, egon, bazegoelako, eta nahi beste. Baina Jumbok edozein oilarren atrebentzia ordainarazteko moduko ehiza zakurrak ditu, eta gehiegizko arriskuak ordaintzeko arriskuak ez du ba, erasorako grina pizten laguntzen. Bigarren mailako txirrindulariak saiatu dira Aiztondo bailaran: Esteban Chaves, James Knoxx, Juanpe Lopez... Onenak, izarrak, elitea, Hika-n baino ez, eta bertan, Vingegaard irits ezin aritu da.
Richard Carapaz eta Daniel Felipe Martinez izan dira kaltetuenak Hikan gora. Jokoz kanpo geratu dira Itzulia irabazteko lehian, baina espero ez ziren batzuk sartu dira. Mikel Landa, adibidez. Atzo ausart, Leitza aldean, eta gaur indartsu, bigarren helmugan eta Enric Mas aurreratuz azken hatsean. 5 segundora dauka maillot horia eta saiatuko dela dirudi. Gaudu frantziarra ere espero baino justuago ibili da, eta dagoeneko 16 segundoko atzerapena du, hirugarren. Ion Izagirre da laugarren, 20ra, eta Enric Mas bosgarren, 21era.
Bihar laugarren etapa, Santurtzin hasi eta bukatu
Omar Frailek diseinatu du, eta bere taldeko liderra garaipena lortzeko aukerarik gabe, Omar bera izan liteke etapa poltsikoratzeko faboritoa. Kilometro asko Arabako Aiala eta Bizkaiko Enkarterrietan barrena. Eremu komantxe-a, askok esango luketen bezala, eta 3.000 metroko desnibel metatua. Helmugatik gertu, 14 kilometrora, La Asturiana mendatea, 8 kilometro luze eta %7ko batez besteko pendiza.