Gutxi, baina irekia geratu da

Erabiltzailearen aurpegia Andoni Urbistondo 2022ko ira. 4a, 18:38

Thymen Arensman gazteak irabazi du Hoya de la Moran, ihesaldia errematatuta; Remcok nahiko ondo eutsi dio, Mas eta Lopezekin minutu erdi, eta Roglicekin 15 segundo galduta ere.

Asko espero zen, baina apenas gertatu da ezer. Gertatu dena interesgarria edo ezustekoa izan dela onartu behar, eta astebete luze geratzen zaigula oraindik Vuelta bukatzeko. Evenepoel liderrak minutu eta erdiko errenta mantentzen du Roglicekiko, eta bi minutukoa Enric Mas-ekiko. Ayuso, Rodriguez eta Lopez podiumeko jokotik kanpo daudela dirudi, gaur-gaurkoz, baina batek daki. Evenepoel-ek atzo eta gaur galdu zuen denbora galtzea inork gutxik espero zuen, eta galdu du. Terrenoa badago, azken astean, saiatzeko.

Batez ere datorren larunbateko etapan, Madril eta Segoviako mendietan. Garbi esan behar da, dena den, Evenepoel-ek aurrera pausoa eman duela. LaPanderan gorriak ikusi eta gero Sierra Nevadan erabat belaunikatzea aukeretako bat zen, baina eutsi egin dio. Liderra bera da, eta errespetua merezi du. Ondo Remco. Batez ere bere aurkariak ez daudelako sobera handiarekin. Roglic-ek atzoko taktika errepikatu du, Jumboko taldekideak oilarren hauspoa berotzea agindu baitu Sierra Nevada hasieran. Behin Hazallanas-era iritsita, ordea, kaosa nagusitu da. Jaitsiera bihurri baten ostean hasi delako aldapa tente hori, eta erabat hautsita ekin dio tropelak. Azkar sei lagun geratu dira buruan, eta Jumboko Harper-en gidaritzapean. Hura kenduta Roglic jarri da, baina ez du hautsi, Panderan egin zuen bezala. Bete egin denaren itxura ere eman du, eta helmugara irits arte babesean egin du bidea esloveniarrak, justu antzean. Lopez eta Mas izan dira mugitu direnak, behin Sierra Nevadako ohiko igoeran sartuta. Jo du Lopezek, jarraitu dio mas-ek, eta David de la Cruz Astanako morroiaren laguntza jaso. Minutu erdia baino ez dute lortu, baina, eta Arensmanek ez du inoiz arriskuan sentitu bere garaipena.

Bihar bigarren atseden eguna hartuko du Vueltak, eta gero gerokoak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak