Txirrindularitza ez da matematika!

Erabiltzailearen aurpegia Andoni Urbistondo 2022ko ira. 3a, 20:00

Vueltako etapa gogorrena korrituko da gaur, politenetakoa ikusteko, Sierra Nevadan; interesa irabazi du Remco Evenepoel-ek komeriak pasa zituelako atzo, La Panderan, Carapaz-en bigarren etapa garaipenean.

X eguna da gaurkoa Vueltan: etapa gogorrena, erakargarriena, dena txikitu beharko lukeena. Giroan dioten bezala, tappone dolomitikoa, nahiz eta Andaluziako Sierra Nevadak eta Dolomitek antza gutxi izan. Are gehiago atzo La Panderan mendatean gora gertatu zena aintzat hartuz, Remco Evenepoel garaiezinak txakalaldia jasan zuelako, eta segundo garrantzitsuak oparitu bere aurkariei. Liderraren pattalaldi horrek Primoz Roglicen berpiztearekin egin du bat. Ikaragarria da esloveniarraren jarduna. Kategoria goreneko ziklista da, komeriak komeria inoiz ez duelako etsi zen, eta berdin diolako 2. edo 17. izan nagusian. Bere taldea lanean jarri zuen La Pandera atariko mendateetan, eta helmugatik 3.5 kilometrora erasoa jo. Denak hautsi zituen, Miguel Angel Lopez kolonbiarra izan ezik. Superman-ek ere, baina, majo sufritu zuen Roglicen gurpilari eusteko.

Diferentziak ez ziren ikaragarriak izan. Minutu eskasa Roglic-ek Evenepoel-i. Zenbakiak baino sentsazioek agintzen dute. Evenepoel-ek Vuelta hanka batekin irabazi behar zuela zirudien, baina txirrindularitza ez da matematika, zorionez, eta gauzak pasatzen dira. Ikuskizun bere atzoko krisia asteazkenean jasan zuen erorikoak eragin zuen, edo beste arrazoiren bat dagoen. Roglic, aldiz, hoberantz doa bere sasoi puntuan, eta erabakigarria izango den beste aktore bat ere bai: Miguel Angel Lopez. Kolonbiarrak hainbestean osatu zuen lehen astea, erlojupekoan bikain aritu zen, eta atzo onenen artean izan zen. Movistar eta Enric Mas-en aurka halako gurutzada partikularra burutu nahi du, Mas-ek sura egurra bota zuelako egun batzuk atzera, eta podiuma lortzeko jokoan sartu da, oraindik hiru minutura baldin badago ere. Jokoan sartu da gaur Sierra Nevadako Hoya de la Mora guneraino igoko direlako, 2.512 metrora. Altuera horietan kolonbiarrak ezin hobe moldatzen dira, beste inor baino hobeto.

Richard Carapaz-ek irabazi zuen etapa, berriro ere lan bikaina eginda. Ihesaldian sartu, galbahea egin, eta tropeleko otsoak atzetik uluka zetozela sumatuta ere, 7-10 segundoko aldeari eusten jakin, sufritu, eta garaipen dotorea lortu zuen. Ekuadorkoa aktore garrantzitsua izan bide da gaurko etapan ere, baina litekeena da azken egunetako nekea sumatzen hastea, eta jokoz kanpo geratzea. Eta zer dago, bada, gaurko etapan? Bilatu besaulki on bat, eta jarri lasai, eguerdiko 2tatik aurrera suziriak izanen baitira Granada aldean: Martos-Hoya de la Mora, 153 kilometro.

4.000 metroko desnibel metatua du etapak. Labur samarra da, baina jendea justu samar doa bigarren aste bukaeran, eta diferentzia handiak egongo dira etapa bukaeran. Hasiera gorabeheratsua du etapako lehen herenak, Jaen eta Granadako lurretan, 3. mailako Puerto del Castillo tartean. Ihesaldia gorpuztuko da bertan. Granadara hurbiltzen diren tartean hartu beharko luke patxada pixka bat tropelak, 20 bat kilometro, indarrak gordetzeko ezinbestekoa. Hiriburua pasata Purche mendatea hasiko dute, lehen mailakoa. Azken 8 kilometroak oso gogorrak dira: %11tik gorako bi kilometro oso, %9tik gora beste bi, eta malda beldurgarriak. Erne jaitsierarekin, bihurria oso. Pinos Genil-en hasten da Sierra Nevadako igoera, 700 metrora, eta 30 kilometro geroago 2.512 metrora bukatu, Hoya de la Mora parajean, Sierra Nevadako Veleta gailurrerako bidean. Berezik gogorra da Hazallanas mendateko tartea, Guejar Sierra herriko jaitsieraren ostean: %10.5eko batez besteko pendiza duten 5 kilometro daude, 180º-ko bihurguneez josia. %13.9 eta %12.7ko bi kilometro oso daude. Hor dena hautsiko da, baina horiek pasata helmugaraino beste 15 kilometro geratuko dira. Alegia, gatza eduki behar dela, mina egin bada, irauteko. Sierra Nevadako azken tartea etzanagoa da, errepide bikainekoa, beti %6-7ko maldak.

Hazallanas-en gora atzean geratzen denak kolpe latza har dezake, beraz, eseri eta gozatu! Maillot gorriak jabe berria izango du, akaso, arratseko bostak aldera...

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak