Bi lokomotora: Carapaz eta Evenepoel

Erabiltzailearen aurpegia Andoni Urbistondo 2022ko ira. 1a, 19:13

Richard Carapaz, helmugan, ospatzen

Ekuadorkoak irabazi du etapa, ihesaldian sartuta, eta Remocok nahieran kontrolatu ditu aurkari guztiak azken igoeran, eraso oro erritmo itoarekin galaraziz.

Meritu handiko garaipena lortu du Richard Carapazek Esteponan. Vuelta irabazteko hautagaien artean Herbehereetan, itzuli handietako garaile aparta, ez da ondo ibili lehen astean, eta podiumeko borrokatik kanpo geratu da. Egokitzen jakin izan du, eta ihesaldietan sartuz etapa garaipenak bilatu. Peñas Blancas mendate gaiztoa da, eta Carapazek alboan zituen otsoak are gaiztoagoak: Kelderman, Jay Vine menderaezina, Marc Soler, Jan Polanc, Elie Gesbert... Carapaz Vine bi etapa garailearen gurpila zaintzera mugatu da igoerako lehen 15 kilometroetan, eta Vine aurkari nagusia justu ikusi duenean eraso bortitza jo du. Denak utzi ditu atzean, eta Kelderman Carchiko lokomotora harrapatzen saiatu bada ere, ezin izan du. Carapazen laugarren etapa garaipena da itzuli handietan, lehena Vueltan.

Jumboren erritmoa, hasieran

Oilarren arteko borrokan, dantza handi samarra izan da urrutitik. Jumbok markatu du erritmoa hasieran, Movistarrek gero, eta INEOS-ek ondoren. Morroiak desagertu direnean liderra bera izan da ardura hartu duena, eta erritmo itoa jarriz, erasoak zaildu ditu. Enric Mas, Miguel Angel Lopez eta Carlos Rodriguez saiatu dira, baina Evenepoelek hanka batekin harrapatu ditu guztiak. Liderra erori egin da etapan, eta kolpe samarra hartu gorputzeko eskuin aldean. Ez dio min handirik eragin, azken esprintean aise utzi baititu atzean Mas eta Roglic. Ikuskizun erorketak hurrengo egunetan arazoren bat eragingo ote dion Evenepoeli. Oilarren artean apenas egon dira segundo batzuetako aldeak.

Bihar 13. etapa korrituko da, Ronda-Montilla, gorabeheratsua, baina mendate puntuagarririk gabe. Bukaerak goranzko joera dauka.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak