Etapa zozoa espero zen, eta hala izan da: ihesaldi txikia, esprinterren taldeen kontrol lana, eta esprinta. Almeriako etapak ez zuen gehiagorako ematen, baina aktualitatez bizi-bizia izan da. Etapa hasi aurretik positibo uholdea jakinarazi dute hainbat taldek, eta tartean hurrengo etapetan joko asko eman zezaketen bi txirrindulari on: Simon Yates eta Pavel Sivakov. Biak Top 10eko ziklistak, eta lasterketa mugitzeko aktore nagusiak. Ondoren Kern Pharma taldeak jakinarazi du notizia: taldeko hiru txirrindularik positibo, eta etxera. Hainbatek UCI Nazioarteko Txirrindularitza Elkargoaren protokoloa kritikatu dute, positibo emateagatik ziklistak etxera bidaltzea, beste kirol diziplinetan ez dagoelako halako araurik. Erantzukizuna norena den ere auzitan, antolakuntzak ez, taldeek egiten baitituzte positibo test-ak egunero. Alegia, positibo izateko arriskua taldeek hartzen dutela. Antolakuntzak Vuelta hasieran eta bigarren eta hirugarren atseden egunean bakarrik egiten ditu analisiak.
Kirol arloari atxikiz, esprintean erabaki da etapa, eta bertan Kaden Groves australiarra izan da azkarrena. Mutil gazte horren izena bili-bolo zebilen hainbat adituren ahotan azken egunetan, eta azkenean garaipena lortu du. Danny Van Poppel eta Tim Merlier-en aurretik. Merlier gaur ere galtzaile, umezurtz, taldekideen laguntzarik gabe. Groves-en garaipenean erabakigarria izan da San Bennett irlandarraren agurra, hau ere COVID-a kasu.
Bihar 12. etapa jokatuko da, Salobreña-Peñas Blancas, 190 kilometroko etapa, 20 kilometroko mendatean bukatuko den saioa. Batez besteko malda serioa da, %6.7a, eta diferentziak egon daitezke opilarren artean.