Remco Motor!!!

Erabiltzailearen aurpegia Andoni Urbistondo 2022ko abu. 30a, 18:56

Argazkia: Marca.

Evenepoel-ek aurkari guztiak txikitu ditu, eta koltxoi bikaina lortu du bigarren aste hasieran; Roglic izan da tamainan aritu den bakarra, 48 segundora, baina beste guztiek mundua galdu dute.

Hainbat herritan pasako da, halako goitizen edo mote bereziak badira herri guztietan. Gure belaunaldian bazen asteasuar bat Joxe Motor, edo Moto esaten ziotena. Beterrin jokatzen zen futbol aretoko torneo batean Asteasuko taldearekin aritzen zen. Motor edo Moto, bizia zen, alua, korrika bizi-bizi egiten zuena. Harrapatzen zaila. Remco Evenepoel bezala. Remco Motor esan genezake, edo Remco moto, gauza bera. Ikaragarri ibili baita Alacant-eko erlojupekoan. Begiratzen zaion begietatik begiratuta. 55.7 kilometro orduko batez bestekoa lortuko du, sekulakoa. 60 hortzeko platera erabili du, eta hori mugitzeko garrote handia behar da, hain gorputz txikian. Gogoan izan Evenepoel 61 kiloko gorputz txikia dela. Bere erakustaldiak alde ikaragarriak ireki ditu sailkapen nagusian. 3 minutura daude Roglic eta Mas, Roglic enbidoari eutsi zion bakarra. Hortik atzera amildegia: Rodriguez 4 minutura, Yates eta Ayuso bostera, eta Almeida eta Lopez ia zazpi minutura.

Miguel Angel Lopez izan da etapako garaileetako bat, Jai Hindley Giroko irabazlea harrapatu baitu, bi minutu geroago abiatuta ere. Itxuraz gero eta hobeto sentitzen ari da kolonbiarra, eta garaipena utopia bada ere, podiuma lortzen saia daiteke igandeko etapan. Lopez txirrindulari ausarta da, eta tropela txikitu dezake, berak fruituak lortu edo ez. INEOS taldea da epaile izan daitekeen beste aktorea. Rodriguez laugarrena da, baina Sivakov eta Tao Geoghegan Hart 9. eta 10. postuetan daude, zazpi minutura. Urrunetik mugitzeko aukera izanen dute, UAEko Joao Almeidak edo Juan Ayusok bezala. Quick Step-ek lanak izan ditzake lasterketa kontrolatzeko, eta Evenepoel-ek ahuldaderen bat badu, urruneko erasoekin izan daiteke. Gertukoetan garaiezin da, gaur-gaurkoz.

Bihar 191 kilometroko etapa laua jokatuko da, Almeriako Cabo de Gata aldean. Haizea izan liteke tropelaren aurkari, gauzak normal esprintean erabakiko da garaipena.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak