Frantziako Tourra 2022, jarraipena

Ehiztaria, ehiza garaian

Erabiltzailearen aurpegia
(Argazkia: Twitter @LeTour)

Tourrak zor zion etapa garaipena tropeleko ziklista onenetakoari, Mads Pedersen-i, eta Saint-Etienne-en lortu du; erritmoa handia izan da, beroa bezala, eta tropelak zigor handia hartu du berriro.

Ehiza garaian ehiztariak ibiltzen dira aztoratuta; mendi hegaletan piezak lortu nahian. Txirrindularitzan ere antzera gertatzen da. Mendiko lehen blokea pasata, hurrengo asteko Pirinioetako etapak iritsi arte ihesaldiek protagonismoa bereganatzea espero zen, eta hala izan da 'trantsizioko' lehen etapan. Mila ahalegin, irteera eman bezain pronto, eta zazpi lagun buruan 50. kilometroaren bueltan. Eta ze zazpi ziklista: Ganna, Jorgenson, Kung, Mads Pedersen, Fred Wright... Tropelak ehiztarien enbidoa onartu, eta jazarpenari ekin dio, Alpecin eta Lotto taldeen gidaritzapean. 1.30 eta 2 minutuko tartean mantendu dituzte luze, baina orduan jausi egin da Caleb Ewan, eta Lottok etsi egin du. Australiarra jausi gabe ere zail zirudien aurreko zazpikotea harrapatzea, indar askoko multzotxoa zelako.

Bike Exchangee taldeak egin du azken ahalegina, Michael Matthews-ekin garaipena bilatzeko. Bi lagun jarri ditu Australiako taldeak lanean, baina alferrik. Zaldi indartsuagoak sartu dira ihesaldian, eta horiek tropelaren zaintza saihesten dutenean ez dute berehalakoan amore ematen. Jazarpena bukatu eta berehala hasi da etapa lortzeko borroka. Mads Pedersen danimarkarrak egin du selekzioa. Wright-ek eta Houlek eutsi diote, eta amore eman Gannak, Kung-ek eta Jorgenson-ek. Nagusi ikusi du bere burua Trek taldekoak, Torpedersen-ek, eta esprinta behartu du, bi ihes kideak baino askoz azkarragoa zela jakitun, aise irabazteko. Pedersen txirrindulari handia da, eta Tourreko etapak bere hanka zuztarrek merezi zuten garaipen handia da.

Tropelak zigor handia hartu du, berriro, etapa bizi-bizi egin delako. Beroa ere handia izan da, 33-34 gradu, eta jende askori muga-mugan doala nabaritzen zaio dagoeneko. Saldak ez die atsedenik emango, gainera, Pirinioak iritsi bitarte, eta biharko etapan ezustekoak gerta daitezke. Erdikaldeko Mendikatea zeharkatuko delako, 3.500 metroko desnibel metatua, atsedenik ez eta 35 graduko tenperatura, Frantziako zartaginean. Bukaeran, Mende-ko aerodromoa, Tourreko historiako urrezko balentria batzuk idatzi diren bukaera pikoa: 3 kilometro eta %10.2ko batez besteko malda. Ihesaldia iritsiko da, gauzak normal, baina oilarren artean ere izango da borroka. Pogacarrek sufritu egin dezake bero saparekin, eta akaso Jumbo eta Vingegaard bera saiatuko dira esloveniarra are gehixeago urruntzen.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.