Frantziako Tourra 2022, jarraipena

Pogi, Van Aert eta besteak

Erabiltzailearen aurpegia Andoni Urbistondo 2022ko uzt. 11a, 17:56

Tadej Pogacar eta Wout Van Aert, Frantziako Tourreko zortzigarren etaparen amaieran. (Argazkia: letour.fr)

Tourreko lehen herenak Pogacarren faboritismoa berretsi du, eta Van Aert-ek bakarrik egin dio itzala; UAE sendo ari da, momentuz, eta ez zaio zirrikiturik ikusten, baina Alpeek zeresana eman dezakete, batez ere bero handia izango delako.

Lehen herena bete du Tourrak, eta lehen atseden eguna betetzen ari da tropela Morzine inguruan. Zer ikusi da lehen 10 egunetan? Zer ikusiko da aste honetan? Eta hurrengoan, Pirinioetan? Futurologo ezin izan, eta orain arte gertatutakoa aztertu eta sor daitezkeen egoerak aurreikusteko ariketa izango da honakoa. Kale egiteko arrisku handiarekin, kirola diziplina ez zehatza delako.

Zer ikusi da lehen 10 egunetan? Pogacarrek bere faboritismoa berretsi duela. Bikain ekin zion Kopenhagen-eko erlojupekoarekin. Bikain jardun Arenberg-eko harbideetan. Etapa pare bat irabazi ditu, bigarrena mendatean bukatzen zen lehen etapan, Le Planche des Belles Filles-en, eta Vingegaard nahiko paretsu badabil ere, lidergoa estutasun handirik pasa gabe kudeatzen ari dela dirudi. Besteak beste UAE taldea bikain dabilelako. Laengen norvegiarra galdu dute COVID-agatik, eta Hirschi ezinean doa, belauneko arazoekin, baina McNulty, Marc Soler eta Rafal Majka bikain ari dira. Zenbaitzuren ustez berekoi antzean ari dira bai Pogi eta baita UAE ere, garaipenak pilatzeko desioaren baitan taldea erretzen. Tourra bukatzeko bi aste falta dira, eta ikuskizun hala den. Kontua da oso zorrotz zaintzen ari direla ihesaldi guztiak, erritmo itoa jarri mendateetan, eta horrek oilarren mugimendu arriskua ezeztatzen du.

Wout Van Aert da Pogacarri itzal egin dion ziklista bakarra. Orotariko ziklista, beste garai batekoa, bi etapa irabazi ditu, biak esprintean. Bata esprint handi batean, bestea lau kilometroko aldapa baten bukaeran. Erregulartasunaren maillot berdea ere ziurtatua dauka, eta erakustaldiz erakustaldi aritu da lehen hamar egunetan. Izan ordekan, muinoetan, harbidean, bakarrik, kideei laguntzen... Sentsazioa dago han eta hemen Jumbo taldea ez dela flandestarraren kemena baliatzen ari, haren zubi lana bilatzeko zereginean kamuts dabiltzala. Izan liteke Roglic bere onenean ez dagoelako izatea, harbidean jausi ostean, baina saiatu beharko lukete nola edo hala UAEren hegemonia hori hausten.

Eta zer gerta liteke aste honetan? Gauza bat da hitz hauen egileak, txirrindularitza zaleak etapa mitikoak, historikoak, urruneko erasoak, etapa hasieratik hankaz gora jarriko duten eraso festa nahi izatea. Ez da erraza. Ez da erraza Tourrak oso azkar egin dituelako lehen 10 egunak, eta horrek denei eragiten die. Jendea justu antzean doala agerikoa izaten hasi da, eta eusteko komeriak badaude, nola eraso egin? Hanka zuztarretako mina min gaiztoa da, eta jasaten ari direnek ez diote buelta emango dagoeneko, eguneroko zigorrak ez duelako barkatzen. Eta beste egoera garrantzitsu bat. Top 10ean daudenak lortutakoa gordetzen saiatuko dira gehiago aurrerantzean, lortutako hori hobetzen baino. Alegia, arriskatzea garesti izan daitekeela. Litekeena da Alpeetan lasterketa blokeatu samar joatea. Jumbok, INEOSek eta BORAk dute azken hitza.

Eta zer dago, bada, aste honetan? Hasteko, xehetasun garrantzitsua. Bero handia. Handia eta itogarria. Eta Pogacar ez da ondo moldatzen beroarekin. Sekulako erakustaldiak egingo ditu orain, akaso, baina bere balentriek eguraldi fresko eta hezea izan dute lagun beti. 33-35 graduko tenperatura espero da Alpeetako bailaretan, hurrengo hiru egunetan. Tenperatura atseginagoa, noski, bi mila metro inguruko mendateetan. Faktore erabakigarria izan liteke. Etapei dagokionez, mendi asko dago. Asko! Etapak labur samarrak dira, hori bai. Denak 170 kilometroz azpikoak.

Bihar Morzine-Megeve, bukaera bigarren mailako mendate luze batean. Etzi, erne. Galbier eta Granon igoko dituzte segidan, Galibier Telegraphe-etik, 40 kilometroko aldapa da, La Valloire-era daraman lauzpabost kilometroko jaitsiera tartean, eta 2.000 metro baino gehiago igo behar dira bailaratik Galibier handiraino, 2.645 metroraino. Briançon aldera jaitsi eta maila bereziko beste mendate bat igoko dute: Col du Granon, 2.413 metrokoa. Tour guztiko mendate gogorrena da, zalantzarik gabe: 11.3 kilometro et %9.2ko batez bestekoa. Ostegunean beste mendi razio latza. Galibier bezperan jaitsitako isuritik, Croix de Fer 30 kilometroko mendate bukaezina ondoren, eta Alpe d'Huez mitikoa bukatzeko. 4.500 metroko desnibel metatua gainditu beharko du tropelak. Ostiralean Erdikaldeko Mendikaterantz egingo dute, Saint-Etienne hirira, larunbatean Mendeko aerodromo ezagunean bukaera, eta igandean Carcassone-eraino, Pirinioen atariraino.

Sailkapen nagusia:

1. Tadej Pogacar UAD 33.43.44
2. Jonas Vingegaard Jumbo 39ra
3. Geraint Thomas INEOS 1.17ra
4. Adam Yates INEOS 1.25era
5. David Gaudu Groupama-FDJ 1.38ra
6. Romain Bardet DSM 1.39ra
7. Tom Pidcock INEOS 1.46ra
8. Enric Mas Movistar 1.50era
9. Neilson Powless Education First 1.55era
10. Nairo Quintana Arkea 2.13ra

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak