Frantziako Tourra 2022, jarraipena

Tourra bizirik dago, eta ez da gutxi

Erabiltzailearen aurpegia Andoni Urbistondo 2022ko uzt. 9a, 11:26

@rtve

Pogacar nagusitu da Super Planche des Belles Filles gainean, baina Vingegaard-ek ikaragarri estutu du esloveniarra. Kamna alemaniarra balentria latza egiteko zorian egion da, baina helmugatik 80 metrora harrapatu dute

Tourra bizirik dago, eta ez da gutxi. Pogacar nagusitu da mendiko lehen etapan, Le Super Planche de Belles Files mendatean, eta lidergoa sendotu badu ere, Jonas Vingegaard danimarkarrak ikaragarri estutu du Esloveniako txapeldun handia. Azken 100 metroetan 8-10 metro ere atera dizkio, Jumbo taldekoak, eta garaipena berarentzat izan zitekeela zirudien. Pogacar, baina, buruz ere garaiezina dela dirudi. Pazientziarekin jokatu du, eta ailegaeraren zailtasunaren jakitun, azken 25 metroetara arte itxaron du, azken eraso kolpea jo eta garaile helmugaratzeko. UAE taldeak lan handia egin du etapa osoan bere liderraren garaipena lortzeko, eta merezita nagusitu da bere liderra. Mendatean bukatu den lehen etapak, baina, hainbat galdera utzi dizkigu.

Pogacarrek aurkariak txikitzea espero zelako. Ez du hala egin. Are gehiago, gorriak ikusi ditu Vingegaarden gurpila jarraitzeko, eta horrek zer pentsatua emanen dio maillot horiari. Pogacarrek urrunago, azken kilometroan sartu aurretik jotzea espero zen, baina ez du kolperik eman, eta Majka morroia bera izan da modu nahiko zatarrean 'emaiok motel!' esan diona, helmugarako 300 metroren faltan. Akaso Pogacar mesfidati zen Vingegaardekin, eta hala bazen, bete-betean asmatu du. Litekeena da, baita ere, hain bukaera gogorrak indartsuenak ere beldurtzea. Esan nahi da, urrunetik erasotuta gero nekea ordaindu zitekeela azken bi maldatzarretan. Kontserbadore aritu da Pogi, eta ez gaude ohituak. Diferentzi handi samarrak egon dira bukaeran, dena den. Etapa oso-oso azkarra izan da, eta horrek esan nahi du hurrengo asteko mendiko etapetan triskantza handiak gertatuko direla.

Atzo txaloak Van Aertentzat, gaur Lennard Kamnarentzat. Etapa puska egin du alemaniarrak, eta 80 metro bakarrik falta izan zaizkio bere kirol ibilbideko garaipen onena lortzeko. 80 metro %20ko maldarekin, hori bai. Eguneko ihesaldian sartu da, ia 70 kilometroko borroka ikaragarriaren ostean. Zaldi onak sartu dira ihesaldian: Ciccone, Teuns, Xakmann, Erbiti nafarra eta Barthe biarnesa. UAE azkar jarri da tiratzen, eta kontrolpean mantendu du ihesaldia. Kamna 1.20ko aldearekin bakarrik hasi da La Planche igotzen, baina ia bukaeraraino eutsi dio. Oso indartsu zegoela erakusten duen datua. Bikaina Kamnaren jarduna, dotorea.

Belles Filles-en UAEk jarri du erritmoa. Majkak eman dio azken estutua, baina Pogacarrek ez du hautsi. Edo hausten saiatu denean Vingegaard alboan zeukala ikusi, eta tenple handiarekin jokatu du. Vingegaard-ek odola usaindu du, eta erritmo aldaketa ona egin du. Metro batzuk atera dizkio liderrari, eta etapa poltsikoan zeukala zirudienean, ttak, pinoi pare bat jaitsi, bizikleta gainean dantzan jarri, eta Vingegaard gainditu du Pogacarrek, danimarkarrari begirada zorrotza bota eta garaipen ona lortzeko. Atzetik errosarioa, eta ezusteko asko. Garrantzitsuena, Alexander Vlasov-ek pilatutako atzerapena: 1.40. Erori egin zen atzo Vlasov, ikuskizun momentuko txakalaldia izan den, edo gabezia sakonagoa den. Hurrengo egunetan jakingo da.

Bihar zortzigarren etapa jokatuko da, Dole eta Suitzako Lausana hirien artean. 186 kilometro eta ibilbide gorabeheratsua. Bukaera 3. mailako mendate batean dago, hiriko Olinpiar estadiora igotzen den errepidea. Berez zenbaki apalak ematen ditu muinoak, 4.8 kilometro %4.6ko batez bestekoarekin, baina bigarren eta lehen kilometroaren artean malda %9koa da batez beste, tarteka %12koa. Itxuraz ihesaldia iritsiko da bihar, baina Pogacar aldaretik jaitsi nahi duten taldeek ezin dute jairik hartu, eta ziur ihesaldian sailkapen nagusian gertu samar dagoen txirrindulariren bat sartzen saiatuko direla. 

 

Tourra bizirik dago!!!

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak